Teknologia albisteak

"Gailu mugikorrek lehia irabazi diete finkoei", eta hedabide digitalen munduko beste pista batzuk Juan Varelaren eskutik

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2012-04-26 : 18:04

Juan Varela kazetariak hasiera eman dio gaur Kazetaritza eta hedabideak berriz asmatzen hitzaldi zikloari hasiera, Martin Ugalde Kultur Parkean (Andoain, Gipuzkoa), Testuinguruaren araberako komunikabideak: garai zailetan informazio hartzaileei laguntzeko kazetaritza izenburupean. Gailu mugikorren indarraz eta merkatu digitalaren hazkundeaz hitz egin du.

Varelaren ustez, merkatu digitalean negozioa hazi egin da mugikorretako aplikazioak direla eta. Erabiltzaileen hazkundeaz gain, erabiltzaile bakoitzeko egiten den inbertsioa ere hazi egin da.

Interneten zabalkundeak aldaketa andana ekarri dizkio kazetaritzari eta sare sozialek zerikusi handia izan dute horretan. Erabiltzaileen irakurketa ohiturak errotik aldatu dira, eta hori hein handi batean, publikoa hainbat pantailetara migratu delako da (smartphoneak eta tabletak). Varelaren ustez, etxean geldirik dagoen ordenagailua lanerako edo ikasketerako erabiltzen dugu, telefono mugikorrekin moldatzen gara hara eta hona gabiltzanean, eta tableta telebistako prime timearen ordezkari gisa har daiteke. Horren ondorio zuzena izan da publizitateak ere pantailetara salto egin izana, papereko prentsaren kaltetan: "2007an prentsak goia ukitu zuen, inoiz izandako irakurleria daturik onenekin, eta orduz geroztik, guztiz aldatu da merkatua: publizitatearen %44a galdu da".

Oraindik ere komunikabideen artean erregina izan arren, 2010ean interneteko audientziak postua kendu zion telebistari. Publikoaren %55a dabil sare sozialetan, eta orain arte, telebistak bakarrik lortzen zituen indize horiek. Beraz, esan daiteke egun pantailetan dagoenak soilik biziraungo duela. Varelaren ustez, gero eta gehiago, interneterako sarbide mugikorrek (tabletak, telefonoak) aurrea hartuko die sarbide finkoei.

Gero eta ohikoagoa da medio baten webgunera sartzea lagunen batek Facebook edo Twitterren artikulu jakin bat gomendatuta; sare sozialek Google-ek adina lagundu dezakete erabiltzaileak eduki batera edo bestera bideratzen. Horregatik, kazetariek sare sozial bihurtu behar dute, marka pertsonala indartu, hala irakurleek jarrai diezaien eta haiekin harreman zuzenean jarri. Horren adierazgarri, Varelak erakutsi dituen grafiko ugarietako bat; AEBetako zenbait informazio-hedabide, beren pisuagatik sailkatuak, baina, aldi berean, Facebook-en bidezko trafiko gomendatua nork jasotzen duen:

Honela ikusita, Yahoo News da bisitari gehien dituena, baina The Huffington Post sozialki askoz pisutsuagoa da, eta horrek bere alde egingo du negozio-bideak eraikitzeko orduan.

Izan ere, erabiltzaileak gustuko duena sare sozialetan identifikatzen badu, errazagoa izango da ingurune sozial horrek emandako erreferentzietan klik egitea. Kontuan izan behar da edizio digitaletara ohitzen diren irakurleak ez direla paperekora itzultzen: beraz, garrantzitsua izango da irakurle horiek norbere webgunera erakartzea.

Informazioaren gizartean informazioa ugaria, merkea, soziala eta parte hartzailea da, eta horregatik, publikoa ez da hain fidela interneten. Informazio bera hainbat lekutan eskura dezake, eta ez dio hainbeste axola zein den interesatu zaion artikulu horren argitaratzailea. Adibide bat jartzearren, Varelak dio kiosko digital batek hobeto funtzionatzen duela medio bakarra eskaintzen duen webgune batek baino: orrialde bakarrean bila ditzake batzuen eta besteen titularrak.

Datozen hitzaldiak

  • Maiatzak 8, asteartea: Pablo Mancini. Kazetaritza hackeatzearen, eta komunikabide banatuak eta hartzaileei begirako berrikuntzen inguruan hitz egingo du. Non: Koldo Mitxelena kulturunean (Donostia, Gipuzkoa). Noiz: 11:00etan.
  • Maiatzak 24, osteguna: Vicent Partal. Komunitatea, parte hartzea, eta egunkari/prentsaren berrasmatzearen inguruan jardungo du. Non: Martin Ugalde kultur parkean (Andoain, Gipuzkoa). Noiz: 11:00etan.

Berria Fundazioak eta Innobasquek antolatu dute ziklo hau.

Erantzun

Sartu