Teknologia albisteak

Bizitza osoa zulo batean

Erabiltzailearen aurpegia
Xabier Mendiguren Elizegi
2012-04-25 : 11:04

Sorpresa atsegina izan da "30 años de oscuridad" (30 urte ilunpean) film espainiarra, frankistek fusilatuko zituzten beldurrez eta inora alde egin ezinik, etxean gordeta hogeita hamar urte eman zituzten "satorrei" buruzkoa, eta zehazki haietako batean kasuan oinarritua: Manuel Cortes, Mijasko alkatea (Malaga, Andaluzia).

Etxea ezkutaleku eta, aldi berean, hilobi izan zutenen kasuak ez dira oso ezagunak: trantsizio garaian Los topos liburu-erreportajea kaleratu zuten Jesus Torbado eta Manu Leginetxe kazetariek, baina harrezkero itzalixea geratu dela esango nuke. Ez dago kontaduriarik ere: batzuk harrapatu eta hil egingo zituzten; beste batzuk gaixo hil eta familiek ezkutuan lurperatu; izango ziren suizidatu zirenak ere… Euskal Herrian ere izango ziren halakoak, baina informazioa falta zaigu (ezagun baten aitonaren kasua azaldu zidaten behin: lastategian egon zen gordeta, baina halako batean andrea haurdun utzi, eta handiagoa omen zen emaztearen moraltasuna auzitan jartzearen beldurra faxisten zapalketarena baino, eta ezkutalekutik ateratzea erabaki omen zuen).

Gatozen pelikula honetara baina: deigarriena da zein baliabide dokumental gutxi zituzten, eta zein ongi moldatu diren Manuel H. Martinen zuzendaritzapean. Ez dago Cortesen argazkirik, are gutxiago bideorik; bakarrik gerra eta frankismo garaiko irudi orokor eta tipiko batzuk, garaiko kutsua emateko. Nola moldatu dira orduan? Batetik, Cortesen eta antzeko egoeran zeudenen kasua berreraikitzeko elkarrizketak egin dizkiete Cortesen biloba bati (ez da beste ahaiderik ageri, ez dakigu besterik badagoen) eta zenbait historialariri. Bestetik, berriz, marrazki bizidunen bidez kontatu dituzte haren nondik norakoak. Animazioa, baina, oso mugimendu gutxikoa da, merke-zurrean egina, eta hala ere indar dramatiko handia eman diote kontakizunari. Aldez aurretik historia gutxi-asko ezagutzen dugun arren, misteriozko pelikula baten suspensea eta dramatismoa ematen asmatu dute. Horra adibide eder bat, baliabide eskasekin baina irudimen eta talentuarekin gauzak nola egin litezkeen. Ikasi beharreko lezioa, datozen garai latzei begira.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago