Teknologia albisteak

Hodeietan liburua argitaratu du Elhuyarrek

Erabiltzailearen aurpegia
Elhuyar Fundazioa
2012-05-01 : 12:05

Hodeietan (gazteentzako narrazio zientifikoko liburua) argitaratu berri du Elhuyarrek. Obra hau narrazio zientifikoa da, 12-16 urteko gazteei zuzendua eta 2011ko CAF-Elhuyar sarietan, irabazle izan zen “Gazteei zuzendutako zientzia-narrazioak” kategorian.

Narrazio zientifikoa da Hodeietan, eta 12-16 urteko gazteei zuzenduta dago. Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa izan du sorkuntza-lan honek. 2011ko CAF-Elhuyar sarietan, berriz, “Gazteei zuzendutako zientzia-narrazioak” kategorian irabazle izan zen. CAF-Elhuyar sarien helburua da zientzia eta teknologiaren arloko gaien eta ikerketen euskarazko dibulgazioa, kazetaritza eta narrazio-lanak bultzatzea, saritzea eta aitortzea. “Gazteei zuzendutako zientzia-narrazioak” kategoriako lanek gazteei zuzendutako narrazioak dira, euskaraz sortuak. Lan horietan, zientzia- eta teknologia-gaiak jorratu behar dira, ezinbestean, zeharka bada ere. Zientzia-narrazioen bitartez gazteak zientzia eta teknologiara modu atsegin eta erakargarrian hurbiltzea da sariketaren helburua.

Hodeietan liburuaren tramari dagokionez, Hodei dugu protagonista. Batxilergoko azken ikasturteko ikaslea da Hodei, eta ez ditu bereziki gustuko zientziak. Estibalitz, aldiz, zientzialari iaioa da. Nerabezaro osoan izan du gustuko Estibaliz Hodeik, eta, udan bizi izan duten maitasun-istorioaren ondoren, aldatzen hasi da Hodeiren zientziarekiko ikuspegia.

Idazlea, Aitzol Lasa Oiarbide, barañaindarra da, sortzez, eta matematikaria, lanbidez. Nafarroako Unibertsitate Publikoan dihardu, matematikaren didaktikaren arloan. 2009an Barañain Hiria literatura-lehiaketa irabazi zuen, “Aipa ditzagun emakumeak” atalean, Udako arratsalde bat ipuin laburrarekin. Horrez gain, lau urte eman ditu Euskalerria irratian (Arratsalde.on) eta Eguzki Irratian (Plano konplexua) matematikari buruz hizketan.

Lurdes Ansa, Elhuyarreko Edizioak saileko arduradunak aurkezpenean aipatu duenez, Elhuyarren ZzL serieko hirugarren obra da hau. Gazteentzako zientzia-narrazioko irakurketa-liburuak argitaratzen ditu ZzL serieak, eta hauek dira aurreko biak: Simon Bloom, grabitatearen zaindaria eta Platonen Urmaela. Lapurtutako giltzaren bila.

Paperean zein formatu digitalean eskura daiteke liburua. Papereko bertsioa dagoeneko salgai dago, 14 €-an, Elhuyarren Interneteko dendan (www.elhuyar.org/edizioak) eta liburu-denda nagusietan. Formatu digitala Interneteko dendan (www.elhuyar.org/edizioak) eros daiteke, 4 €-an. Paperezko ale bat erosita, formatu elektronikoko bat emango dizugu, doan.

Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatzeko, bestalde, Lurdes Ansak aipatu du Elhuyarren zientziako eta euskarazko produktuak % 10 merkeago izango ditugula (bidalketa-gastuak, doan), apirilaren 23tik maiatzaren 7ra arte Elhuyarren Interneteko dendan egiten diren erosketetan (www.elhuyar.org/edizioak).

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago