Datorren apirilaren 25ean 75 urte beteko dira gudaloste frankistak Eibar bonbardatu eta txikitu zuenetik. Gertakizun haiek gogoan, hainbat ekitaldi antolatu dira Eibarren, udalaren eta herriko hainbat elkarteren artean: hitzaldiak, kantaldiak, kontzertuak, ikuskizun artistikoak... Ahotsak.com proiekturako jasotako lekukotasunek ere bere tartea izango dute, eibartar nagusienek ondo gogoan baitute 1937ko udaberri hartan gertatutakoa. Besteak beste, Maialen Lujanbio bertsolariak eta Juan Pinilla flamenko abeslariak ostegunean (apirilak 26) egingo duten ikuskizun berezian.
Gerra zibilak une latzak utzi zituen Euskal Herrian, horien artean hainbat herriren aurkako bonbardaketak. Beharbada Durangokoa eta Gernikakoa dira ezagunenak, baina Eibarrek jasan zuena ere ez zen gutxiago izan. 1937ko apirilaren 25ean hegazkin nazionalek Eibar bonbardatu eta ia erabat suntsitu zuten. Aurten 75 urte beteko dira gertakizun haietatik eta Eibarko Udalak, hainbat talderekin batera, egitarau zabala antolatu du datozen asteotarako, orain 75 urteko gertakariak gogora ekartzeko.
Ekitaldi horietan Eibarko nagusienei jasotako lekukotzek ere euren tokia izango dute. Azken urteotan Euskal Herriko Ahotsak proiektu honetarako Eibarren eta inguruko herrietan (Soraluzen, Elgetan, Ermuan...) jaso ditugun lekukotzek ere euren tartetxoa izango dute egitarau zabal horretan, azken batean, gizon-emakume horiek baitira orain dela 75 urte gertatutakoaren lekuko eta ordezkari.
Eibarko udalak joan zen astean aurkeztu zuen prentsa-aurrean Eibarko bonbardaketaren 75. urteurreneko programa. Egitaraua osatzeko orduan herriko zenbait elkarte eta pertsonaren laguntza ere jaso nahi izan du eta ekitaldi-sorta polita osatu du datozen asteotarako. Ekitaldi nagusiak apirilaren 21ean hasi dira eta maiatzaren 8an bukatuko, nahiz eta hurrengo asteetan eta hilebeteetan ere ekitaldi gehiago izango diren Eibarren. Hona hemen ekitaldien zerrenda.
Ikusi duzuen bezala, Ahotsak-eko lekukotasunak 2 ekitalditan azalduko dira, Jesus Gutierrez historialariaren hitzaldian eta Lujanbioren eta Pinillaren arteko ikuskizunean. Datozen egunotan informazio gehiago emango dugu ekitaldi horien inguruan.
Guzti horietaz gainera, Eusko Jaurlaritzaren 2012 Fundazioaren eskutik ere beste zenbait ekitaldi izango dira Eibarren datozen hilabeteetan. Egitarau osoa erabat itxi gabe dagoen arren, dagoeneko aurkeztu dira batzuk, besteak beste, Gerra garaiko zenbait filme zahar emango dituzte Coliseoan (maiatzaren 3an), Kukai dantza taldeak “1937 gogoaren bidezidorretatik” ikuskizuna ekarriko du (maiatzaren 11an) eta uztailean “Gerra eta bakea” izeneko argazki-erakusketa egongo da ikusgai Portalea kultur etxean.
Eibarko bonbardaketaren 75. urteurrena.
Antolatzailea: Eibarko Udala.
Laguntzailea: Badihardugu Euskara Elkartea.
Gernika ere gorriek bonbardatu omen zuten. Hori zioten irabazleek. Gure amama Maria Angelesek Gernikako bonbardaketa bizi izan zuen. Alabari ere (gure amari) kontatu zion zelakoa izan zen, zein trantze latza pasatu behar izan zuten, zelan abioiek bonbak jaurti ostean, beste abioi batzuek baxu-baxu hegan eginez, jendea metrailatzen zuten. Betiko geratu zitzaion zarata buruan grabatuta.
Eskolan, amari "Formación del espíritu nacional"-eko irakasleak esan zion "Guernica fue bombardeada por los rojos". Ama jaiki, eta ezetz esan zion, bere amak bizi izan zuela bonbardaketa eta ez zela horrela izan. Luzaroan egon zen zigortuta!
Guri ere makinatxo bat bider kontatu zigun, eta kasette batean grabatu genion. Pena handia dut, kasettea galdu egin zelako, eta bere testigantza ere bai!
Durango, Eibar, Gernika.
Lehen ez dut zehaztu baina ilustrazio hau Il Corriere della sera egunkari italiarraren igandekarian agertu zen, 1937ko maiatzaren 9an.
Argazkiak.org | Eibar gorriek suntsitu zuten © cc-by-sa: transistoria
Aitak eta biok badaukagu afizio komun bat (gutxienez). Paper zaharrak gustatzen zaizkigu, ahal dela Euskal Herriarekin zer ikusirik dutenak.
Askotan hitz egin dugu Gernika eta Durangoko bonbardaketaz. Eta Durango Gernikaren alboan ezezaguna bada, zer esanik ez Eibarri dagokionean.
Bada, artikulu hau irakurri eta berehala akordatu naiz orain urte batzuk aitak Italiako egunkari baten azala eskuratu zuela. Azal horretan, suntsitutako herri baten marrazkia ageri zen, eta oinean ondoko testua:
"Espainiako hiri bat gorriek suntsituta. Eibarko bizilagunak, euskal frontean, gorriek beren ihesaldian txikitutako hiri industrialeko hondakinen artean noraezean".
Jakina da, beste gerra batzetan bezala, bando batek besteari egotzi izan dizkiola denetariko astakeriak. Bereziki, irabazleak izan ohi dira teknika hori erabili ohi dutenak.
Afera honek guztiak beste pasarte bat ekarri dit gogora. Izan ere, nire amonak (aurten 99 urte bete ditu) Durangoko bonbardaketa bizi izan zuen zoritxarrez. Senarra (nire aitona) bertan zauritu zuten eta faxistek harrapatu zituztenean Durangon zauritua izan zela erantzun zuenean, ondokoa bota zioten.
Durango? Durango gorriek kiskali zuten!
Bada, antza denez, Eibar ere bai.