Sustatu logoa Teknologia albisteak

Espainolaren erasoak jarraitzen du ETB 1en (ere)

Bittor Hidalgo - Donostia
2012-04-26 09:04

Orduko inpresioak jasoz idatzi eta argitaratu nuen sarean nire salaketatxoa, espres galdetuz Kultura sailburuari, HPSko sailburuordeari eta Lehendakari berari zer gertatzen ote zen, baina ez du inork erantzun.

Ez nintzen nolanahi asaldatu bakarra izan kontua salatzen. Berrian ere argitaratu zen beste ikusle baten salaketa Zuzendariari sailean.

Atzo ikusi ahal izan nituen apropos ETBko NAHIERAN, ZAINDU programaren 2. eta 3. atalak (Biriketako gaixotasunak, eta Gaixotasun kardiobaskularrak -deprimituko naiz hainbeste gaixotasun artean-). Eta, tarteren batean, lehen atalak baino euskara minuturen bat gehiago eskaintzen badute ere, lotsagarriki eman dira hauek ere ia osorik espainolez ETB 1en (euskaraz azpidatziak -eskerrik asko-).

Ez da erabat berria ETB 1en ere espainolezko mintzoak aurkitzea, baina uste dut gobernu hau ‘marra gorri’ guztiak ari dela gurutzatzen batere lotsa barik. Euskarazko telebista lapurtzen ari zaizkigu, eta espainola sartzen azken euskal txokoraino, 101. kate espainoldun bihurtzen duten honetatik ere.

Gaur Eusko Jaurlaritzako ELEBIDEn egin dut salaketa (Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Zerbitzua). Ea inoiz, Jaurlaritza hau, gizarte hau, hasten den, gu euskaldunon Hizkuntza Eskubideak ere Bermatzen, mundu osoko 500 milioi espainoldunenak zaintzen dituen bezain ondo. Edo hobeto, ez? Gu garenez gero hiztun gutxituak, minorizatuak, babestu beharrekoak.

Ez dugu hala ere oraingoz gure bizilagun erdaldun elebakarrek baino eskubide gehiago eskatzen. Konformatuko gara haiei espainolez ziurtatzen zaizkien zerbitzu guztiak, guri ere euskaraz eskaintzearekin. Ez dugu pribilegiorik nahi, beraiek bai dituzten bezala. Baina zoritxarrez guk ez dugu beraiek bezala Konstituzio espainol inposatzaile eta armaturik.

Galdetzen nion ELEBIDEri ea elkarrekin jarri al genezakeen glotozidio salaketarik-edo, edota ea eurek ahalegina egingo duten halako lapurretarik gertatu ez dakigun, edota ezin ote duten ezer egin, edota besteok beste ezer egin ote genezakeen, edota soilik egiten digutena jasan, edo…

Ikusiko dugu zer erantzuten duten, eta zer egiten jarraitzen duten.

Demokrazia euskaldunontzako!

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu