Teknologia albisteak

Osasun-langileon erronka berriak, biltzarra Bilbon

Erabiltzailearen aurpegia
OEE Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea
2012-04-24 : 13:04

Dena prest dago datorren maiatzaren 18 eta 19an, Bilbon, OEEren 22. Osasun Biltzarra egiteko. Atzera begiradatxo bat eginez gero, 1991n lehenengo osasun-jardunaldiak egin genituenean, ez genekien Osasungoa Euskalduntzeko Erakundekook gai izango ginenik urtez urte horrelako ekimena egiteko. Baina halaxe izan da, eta etenik gabe gai asko jorratu izan ditugu osasun-arloan euskarazko prestakuntza bakarrenetakoak izan diren biltzar hauetan: Gaixotasun infekziosoak, Eritasun kronikoak eta bizi-kalitatea, Neurozientziak, Osasuna eta teknologiak, Gaixotasun kardiobaskularrak, Emakumeak eta Osasuna…

Maiatzean egingo dugun Biltzarrean osasun-langileon erronka berrien inguruan hitz egingo dugu eta bertan, erronka mota bakoitzaren arabera, mahai-inguru bana antolatu da: Bizitzaren medikalizazioa, Osasun-langileak gaixotzen direnean eta Osasun-langileak eta teknologia berriak.

Lehenengoan gaur egun pil-pilean dugun medikalizazioaren gaiari helduko diogu, zenbait hitzaldiren bidez. Batetik Diagnostiko-proben gehiegikeriak eta medikalizazioa izango dugu hizpide. Hor, gaur egungo giza balioek, kontsumismoak, zientzia eta teknikaren hedapen izugarriaren eraginez osasun-sistemak gero eta paziente gehiago jartzen du bere azpian. Horren aurrean gogoeta egin behar dela azpimarratuko da.

Ondoren, oraindik ezezaguna den depreskripzioaren gaian sakonduko dugu. Kontzeptu hau berria da eta preskripzioaren kontrako prozesua adierazten du. Hemen, batez ere 70 urtetik gorako paziente kronikoengan medikamentu kopurua gutxitzeko aukera aztertzen du eta, frogatu denez, depreskripzioarekin hilkortasun-tasa gutxitzeko aukera dago. Hala ere, kontu handiz egin behar den prozesua da.

Genetika ere mahai inguru honetako gaia izango da eta teknologia honetatik datozen abantaila zein arriskuak landuko dira. Gaur egun, milaka gaixotasun aztertzeko proba genetikoak garatu dira, eta horietariko askok aplikazio kliniko zuzena dute. Baina oraindik orain, proba genetiko horien benetako eraginkortasunari buruz eta osasuna hobetzeko duten erabilgarritasunari buruz asko dago ikasteko. Bide horretan, munduko milaka pertsonen material genetikoa nola ikertzen den eta lagin horiekin egiten den erabilera zein den ere aztertuko da.

Bigarren mahai-inguruan, Osasun-langileak gaixotzen direnean, gauza interesgarri asko entzuteko aukera izango dugu. Gaian sartzeko, 2010eko Osakidetzako Prebentzio Zerbitzuaren informazioari helduko zaio: lan-istripu kopurua, gaixotasunak, aurreko urteekiko bilakaera… Bide horretan Prebentzio Zerbitzuaren lana eta ildo honetan gero eta handiago duen esku-hartzea ere ezagutzera emango da.

Ondorengo gaia pazientea medikua bera denean izango da. Hor, Sendagile artean izeneko Euskadiko Sendagileen Kontseiluaren proiektua zertan datzan ezagutzeko aukera izango dugu. Ez da erraza medikua bera gaixorik dagoela konturatzea eta neurriak hartzea, batez ere osasun mentalaren gainean hitz egiten badugu. Horregatik, proiektu honen bidez, egoera horiek bideratu eta laguntza egokia eskaini nahi da. Proiektua 2004an jarri zen abian eta geroztik egindako lana ezagutuko dugu.

Hirugarren hitzaldia osasun-arloko langile mota guztiek pairatzen duten indarkeria izango da. Izan ere, azken bolada honetan eta zenbait lan-eremutan garrantzia handia hartzen ari den gertakari soziala da. Gure eremuan, arlo sanitariora jotzen duten herritarrek badituzte eskubide eta betebehar batzuk. Hala ere, herritar eta profesionalen arteko harremanak konplexuak direnez, batzuetan erabiltzaileen partetik (%48) edo euren senideen edo laguntzaileen partetik (%30) osasun-langileei zuzendutako ahozko erasoak edo eraso fisikoak gertatzen dira. Horiei aurre egiteko modua aztertuko dugu biltzarrean.

Biltzarraren azken eta hirugarren mahai-inguruan Osasun-langileak eta teknologia berriak landuko dira. Batetik Internetek osasun-arloan duen presentzia eta lanerako izan dezakeen baliagarritasun eta mugak aztertuko dira. Gaur egun osasun-arloan egiten den erabilera eskasa da eta kartegoria zein espezialitate desberdineko osasun-profesional gutxi batzuk aurki daitezke. Baina, oro har, Internet ez dagoenez beti erabilgarri osasun-arloko lanpostuetan, horien mugak eta aukeretan sakonduko dugu.

Hurrengo hitzaldian Hobe4+ ekimenaren berri emanez zabalduko da. Interneten dagoen tresna honen bidez profesionalen arteko informazioaren elkartrukatzea errazten ari dira. Izatez, ezagutzaren kudeaketarako plataforma teknologiko berria da eta arlo tematiko desberdinetan egituratuta dago.

Jarraian, Biriketako Gaixotasun Buxatzaile Kronikoa duten eta berriro ospitaleratuak diren pazienteak, informazioaren teknologiak erabilita, kontrolatzeko ereduaren eraginkortasuna aztertuko da. Gaia garrantzitsua da, arnas aparatuko gaixotasun kronikoa heriotza eragiten duen bigarren arrazoia delako eta hauek eragiten dituen 4 ohikoenen artean berau dagoelako. Hemen, beraz, ikerketaren helburu, dinamika eta behin behineko emaitzak azalduko dira, besteak beste, honen kudeaketa hobetzeko asmoz.

Gai sanitarioak alde batera utzita, gauza gehiago ikusteko aukera izango dugu, parte hartzaileen interesa bilduko dituen beste bi hitzaldien bidez. Batetik osasun-administrazioetan azken urteotan herritarrei zerbitzu elebiduna bermatzeko egin diren hizkuntza-politiken planen azterketa egingo da. Horretan, gaur egungo egoera, globalizazioak hemen duen eragina, administrazioko zerbitzuen elebitasuna eta abar izango dira berbagai.

Eta biltzarri bukaera emateko paziente batek kontatuko digu, estilo pertsonal eta zuzenean, espondilitisa gaixotasuna edukitzea zer den. Batetik, medikuntza tradizionaletik jasotako emaitza eskasak, ondoren bere gaixotasunari aurre egiteko ikertutako bide berriak, eta amaieran dieta berezi batekin lortutakoa. Bere ustean, garrantzitsuena pazientea osasun-sistemaren erdigunean jartzea da, beste interes batzuk alde batera utziz.

Aldaketak datoz osasun-sistemara eta horietako batzuk kanpotik datoz. Osasungintzan aurre ikusten diren diru murrizketak zerikusi handia izango du osasun-langiletako lan-baldintzetan, non medikalizazioa, lan-arazoak eta teknologien berrien erabilpenak, adibidez, krisiak baldintzatuta egongo diren.

Arazoak arazo, ikusten denez, egitarau luze, zabal eta interesgarria prestatu du OEEk, maiatzaren 18 eta 19an egingo dugun osasun-biltzarrerako. Bilbon itxarongo zaituztegu.

Jose Mari Uribarri Atutxa eta Angel Alayo Arrugaeta OEEren XXII. Jardunaldien Batzorde Zientifiko eta Antolatzailearen izenean

Erantzun

Sartu