Teknologia albisteak

'Atlantiar', Euskal Herriaren paleolito aroari buruzko biltzarra Ficoban maiatzaren 18an

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2012-04-22 : 11:04

Jauzarrea elkarteak Nazioarteko Atlantiar Biltzarra antolatu du maiatzaren 18rako, Irungo Ficoba erakustazokan. Euskaldunon historiari buruz egingo diren hainbat biltzarren arteko lehenengoa da honakoa, eta garai paleolitikoa izango dute aztergai, hain zuzen ere. Egun osoan, nazioartetik etorritako eta bertako hainbat adituk parte hartuko dute, besteak beste, Stephen Oppenheimer, Jean Clottes, Teo Vennemann Bruce Bradley eta Xabier Peñalverrek. Hizkuntzak muga izan ez daitezen, aldi bereko itzulpena egongo da, euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsez.

Gizaki antzinakoak eta modernoak, Afrikatik irtetea eta Mendebaldeko Europa birkolonizatzea, Xamanismoa Paleolitoko haitzuloetan, Goi Paleolitoko kulturen aniztasuna eta irtenbide solutrearra izango dira biltzarrean tratatuko dituzten gaietako batzuk. Ikuspegi antropologikoa ez ezik, hizkuntzari ere erreparatuko diote. Theo Venneman doktoreak euskarak Erdialdeko Europan izandako substratua aztertuko du, eta horren ostean, Peter Bakker, Javier Goitia eta Keptin Stephen Augustine doktoreek mahai ingurua egingo dute egunari amaiera emateko.

Jardunaldietara joan nahi duenak 50€ko kuota bat ordaindu beharko du, eta izena eman behar da maiatzaren 10a baino lehen. Datuak atlantiar@jauzarrea.net helbidera bidali behar dira. Informazio gehiago dokumentu honetan.

Prentsaurrean azaldutakoaren laburpena hedabideetan: Berria, Noticias de Navarra eta Gara. Eta hemen Localia telebistaren bideoa.

Egitaraua

  • 09:00 - 09:15: Dokumentazioa jaso.
  • 09:15 - 09:30: Biltzarraren aurkezpena eta hasiera.
  • 09:45 - 10:00: Sarrera. ATLANTIAR proiektua. Xabi Otero.
  • 10:00 - 10:45: Gizakiaren jatorria: Gizaki antzinakoak eta modernoak, Afrikatik irtetea eta Mendebaldeko Europa birkolonizatzea, Stephen Oppenheimer (Oxford Unibertsitatea).
  • 10:45 - 11:30: Xamanismoa Paleolitoko haitzuloetan, Jean Clottes (Frantziako Kultur Ministerioko haitzuloetako margolanetako aholkulari zientifikoa).
  • 11:30 - 11:45: Atsedenaldia.
  • 11:45 - 12:30: Goi Paleolitoko kulturen aniztasuna, Izturitzeko adibidetik abiatuta. Aude Labarge eta Joëlle Darricau (Isturitz Otsozelaia kultur guneko kideak).
  • 12:30 - 13:15: Irtenbide Solutrearra: Ipar Amerika Atlantikoko biztanleen jatorria Pleistozenoan, Bruce Bradley (Exeterko Unibertsitatean arkeologian doktorea).
  • 13:15 - 15:00: Bazkaltzeko etenaldia.
  • 15:00 - 15:45: Izotzaldiko Europa Ipar Amerikarekin lotzen duen Itsas Tradizio Atlantikoaren froga. Dennis Stanford eta Margaret Jodry (Washingtongo Smithsonian Institutionen arkeologian doktorea bata, eta Paleo Cultural ikerketa taldekoa bestea).
  • 15:45 - 16:30: Mendebaldeko Pirinioak, ibilbide magdaleniarren bidegurutzea: mugikortasunaren aztarnak. Jose Antonio Mujika (EHU) eta Andoni Tarriño (Gizakiaren Eboluzio Ikerketa Zentro Nazionaleko kidea).
  • 16:30 - 17:00: Praileaitz I Behe Magdaleniarrean, Xabier Peñalver (Aranzadi Zientzia Elkartea).
  • 17:00 - 17:15: Atsedenaldia.
  • 17:15 - 18:00: Euskararen substratua Erdialdeko Europan: argudioen laburpena, Theo Vennemann (Ludwig Maximilian Unibertsitatea).
  • 18:00 - 19:30: Solasaldi-mahaia: Peter Bakker (Aarhus Unibertsitatea), Javier Goitia (Ingeniaria eta geografoa) eta Keptin Stephen Augustine (Kanadako Zibilizazioen Museoko kidea).
  • 19:30 - 20:00: Bukaera. Txalaparta.

Biltzar gehiago

2012 eta 2013 artean beste biltzar batzuk egingo dituzte, historiaren garai ezberdinak aztertuz gaur egunera iritsi arte. Datak oraindik zehaztu gabe dauden arren, honakoak izango dira:

  • Gizarte ekoizlea: Neolitotik burdin aroaren amaierara arte.
  • Aro berria: Pre-erromatar baskoien garaitik, 1512an Gaztela eta Aragoiko koroen armada Nafarroako Erresuman sartu zen arte.
  • Aro modernoa: Gaur egunera arte.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago