Teknologia albisteak

Agindua Zor: hautagaiek kanpainan euskararen normalizazioaz agindutakoak gogoratzeko

Erabiltzailearen aurpegia
Kontseilua
2012-04-17 : 18:04

Kontseiluak www.aginduazor.eu ataria aurkeztu du. "Agindua zor" dio euskal esaera zaharrak, emandako hitza bete beharrekoa dela adierazteko eta horixe bera baliatu du Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak alderdi edo hautagaiek euskararen normalizazioaren karira hartzen dituzten engaiamenduak bildu eta hedatzeko sortu duen ataria izendatzeko.

Atari honen bidez alderdi edo hautagaiek publikoki hartutako konpromisoak jaso eta hedatu nahi dira, gerora, hauteskunde garaian emandako hitz hori bete dezaten eragiteko.

Oraingo honetan, Frantziako Estatuko lehendakaritzarako hauteskundeen karira hautagai nagusiek egindako adiaerazpenak jaso dira eta jada entzun edo irakur daitezke hautagaiek euskararen egoera hobetzeko egingo omen dutena.

"Martxoaren 31n milaka lagunek euskaraz bizi nahi dut egin zuten deiadar Baionan eta hautagaiek ezin diote entzungor egin gero eta zabalagoa den nahi horri" adierazi du Paul Bilbaok, Kontseiluko Idazkari Nagusiak. "Euskarak lege babesa behar du Ipar Euskal Herrian, euskarak estatus egokia behar du normalizatuko bada, alegia, euskarak berezkoa, ofiziala, lehentasunezkoa eta ezagutu beharrekoa izan behar du. Hautagaiek bere egin behar dute herriaren eskari hori " gaineratu du Paul Bilbaok.

Honela, Kontseiluak dei egiten die alderdi edota hautagaiei euskararen normalizaziorako konpromiso eta neurri sendoak har ditzaten eta herritarrei hautagaiek hartutako konpromiso horien arabera bozka dezaten.

Erantzun

Sartu