Teknologia albisteak

Apirilaren 24an, Literatura topaketa HUHEZIn

Erabiltzailearen aurpegia
Arantza Ozaeta eta Monika Madinabeitia
2012-04-18 : 10:04

Bere tradizioari jarraituz, Mondragon Unibertsitatearen Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak Literatura Topaketa antolatu, du 13. edizioa eginez. Iaztik, egun bakarreko mintegi edo topaketa bihurtu da. Aurtengo ekitaldia aspaldi buruan generabilen gai bati eskainia dago: Haur Literaturari. Aurtengo edizioari, beraz, honako izenburua jarri diogu, Haur Literatura: Helduentzako Literatura.

Egitaraua

Egitaraua

09:30 Juan Kruz Igerabide (idazlea eta irakaslea): “Bizirik irauteko literatura”. Igerabide topaketen gaian murgilduko gaitu. Haur Literaturan datzan bizitzarako jakintza eta pertsonaren eraikuntzarako bidea azalduko du.

10:30 Eider Eibar (ilustratzailea): “Marrazki bizia” hitzaldian irudiaren “hizkuntzara” hurbilduko gaitu.

11:30 Kafea.

12:00 Yolanda Arrieta (idazlea eta irakaslea): “Iruditik hitzera. Literaturaren baliabideak ezagutzeko tailer-bilduma” saioan tailerrak egingo ditu literatura modu bibentzialean ezagutu eta ezagutarazteko.

13:30 Bazkaria.

15:00 Pello Añorga (idazle eta ipuin kontalaria): “Haur ipuinak helduentzat: helduak izatera heltzeko” saioan ipuin kontaketa egingo du topaketen espiritua ardatz.

Nondik dator izenburu hori?

Batetik, Haurtzaroan egiten diren irakurketek nolabaiteko immanentzia dute eta hor gelditzen dira gure imaginarioan itsatsirik. Haurtzaroko ipuin, poesia, kantu, irudi-ilustrazioek… gure haurtzaroko elikadura ez ezik, nerabezarorako zubi dira, eta are, gure helduaroan ere hor daude oihartzun horiek. Aurtengo kartelak, beti bezala, AZK taldeak egina, oso ondo jasotzen du ideia hori, eta horrela azaldu du Juan Luis Azkaratek Iñigo Urrutiaren exekuzioa:

Kartelak azaltzen du Haur-Heldu Literaturaren bidegurutze horretan nola bizitza osoan zehar irakurketak kateatzen joaten garen. Teoren ipuinetatik hasi, eta Alice, The Petit Prince, Mary Popins… eta horrelako klasiko atenporalak barne.

Bestetik, badugu ustea Haur Literatura bizitzako gertaeren agertoki dela, bertan daudela agertuta modu sinbolikoan gizakiari dagozkion esperientziak, bizipenak, beldurrak, galderak. Eta zentzu horretan, erabateko zilegitasuna du Haur Literaturak helduaroan.

Hirugarrenik, ez dugu aipatu gabe utzi nahi Haur Literaturak duen estetika, bai hitzezkoa eta bai irudizkoa ere. Irudi eta hitzen arteko elkarrizketak haur, nerabe eta helduen gozamena eta bizitzarako ikaskuntza ematen ditu.

Bukatzeko, azpimarratu nahi dugu HUHEZIko ikasleen profila: etorkizuneko irakasle, aholkulari edota ikus-entzunezko profesionalak. Topaketen helburua euren ni-a elikatzeaz eta aberasteaz gain, alderdi profesionalean janztea eta sendotzea da.

Erantzun

Sartu