Mondragon Unibertsitateak eta Mondragon Korporazioak antolaturiko sariaren bigarren edizioa da. Horren helburua bere ikasleen eta korporazioko enpresen artean euskarazko karrera amaierako proiektuak sustatzea da.
Euskara sustatzeko konpromisoari jarraiki, Mondragon Unibertsitateak Mondragon Korporazioarekin batera, Euskarazko karrera amaierako proiekturik onenaren bigarren edizioa deitu du.
Sari horren helburua unibertsitateko ikasleen eta korporazioko enpresen artean euskaraz aurkezturiko karrera amaierako proiektu kopuru handiagoa garatzea da, eta horrela unibertsitate-enpresa harremanetan euskararen normalizazioa sustatzea. Halaber, Mondragon Unibertsitateko ikasleen eta ikasketen irakas-hizkuntza euskara izan arren, urtero aurkezten diren karrera amaierako 300 proiektuetatik % 25 soilik idazten da euskaraz, eta gainerakoak gazteleraz idazten dira.
Lehen edizioan 17 proiektu aurkeztu ziren, eta HUHEZIko Psikopedagogiako ikasle Irantzu Portillok gradu amaierako Erresilientzia goiztiarra haurraren garapenean lanarekin irabazi zuen saria, 2.000 eurokoa.
Bigarren edizioan Mondragon Korporazioko enpresetan eta erakundeetan karrera amaierako proiektuak garatzen eta euskaraz aurkezten dituzten Mondragon Unibertsitateko ikasleek parte hartu ahal izango dute. Halaber, HUHEZIko ikasleen kasuan, Korporaziokoak ez diren enpresetan egindako proiektuak aurkeztu ahal izango dituzte.
Epaimahaiak proiektuaren kalitateaz gain, lanaren euskararen kalitatea ere baloratuko du, eta Proiekturik Onenari 2.000 euroko saria emango dio. Lehiaketan parte hartu ahal izango duten proiektuak honako hauek dira: urte natural barruan unibertsitateak dituen hiru deialdietako batean aurkezturikoak. Horiek euskaraz idatzita egon behar dute eta 9ko gutxieneko nota izan behar dute.
Lehiaketara aurkezteko epea iraileko deialdiko proiektuak aurkeztu ondoren amaituko da. Epaimahaia azaroan bilduko da eta irabazlea abenduaren 3an emango da ezagutzera, Euskararen egunean.
Erantzun
Sartu