Teknologia albisteak

Auzolan Lantaldeen 2. topaketak asteburu honetan

Erabiltzailearen aurpegia
Auzolan ekimena
2012-04-11 : 10:04

Joan den udazkenean Usurbilen egindako I. Auzolan Topaketei jarraipena emanez, asteburu hontan (apirilaren 13tik 15era) Elikadura, Energia, Etxebizitza, Hezkuntza eta Osasuna lantaldeak bilduko dira, Urdirotzen (Artze ibarra). Eragileak eta esperientziak bildu, ezagutzak partekatu eta talde gogoetaren bidez arlo horietan tokian tokiko burujabetza eta buruaskitasuna lortzeko bidean eman beharreko urratsak finkatuko dira.

Topaketa berri hauen helburua, oinarrizko beharrei dagozkien arloetan eragitea da. Horietan dabiltzan Euskal Herri osoko eragileak eta interesa dutenak biltzea da asmoa. Jarduerari dagokionez, mintzatzeaz gainera bizipen-ariketa ere izan nahi du topaketa honek, eta hala, talde-harremanez gozatzea, talde-antolakuntzaren bidez autoeratzea, eta orohar, mintzagai ditugun balioak bizitzea bilatuko da.

Elikadura Burujabetza eta Energia buruaskitasuna, Hezkuntza eredu propioa, Herri-Osasungintza, etxebizitzaren arazoari aurre egiteko herri-antolakuntza... horiek izanen dira jorratzeko ildo nagusiak, parte hartzaile ororen ekarpenekin osatuko direnak.

Egun bizi dugun egoerak sortzen duen ezinegona areagotzen eta jendartean zabaltzen ari da. Ekonomia-krisia eta langabezia, lan-baldintzen prekarizazioa eta orohar, bizi-baldintzen prekarizazioa dela-eta, gure oinarrizko beharrak (fisikoak zein inmaterialak)asetzea geroz eta zailagoa da. Gure bizimoduak gure esku hartu (esku arrotzen menpe segitu beharrean) eta gure ingurua ber-eratzeko beharra ageri zaigu. Badira bertzelako eredu baten alde lanean dabiltzanak, eta horretarako gogoa dutenak. Bil gaitezen bada, eta elkarturik asmatuko dugu zein den jorratu beharreko bidea, eraiki nahi dugun jendartea.

Gogoa baduzu, atoz asteburu honetan Urdirotzera. Han elkartuko gara!!

Izena emateko: www.auzolan.info
Harremanetarako: auzolan@riseup.net

Erantzun

Sartu