Teknologia albisteak

Kokein: "Zuzenekoen bila joaten gara"

Erabiltzailearen aurpegia
Gaztezulo
2012-03-16 : 10:03

Kokein boskote eibartarrak martxoan kaleratuko du lan berria, Izan izenekoa. Indartsu datoz, kontzertuak emateko gogo biziz. Eta ez dute gelditzeko asmorik: Euskal Herritik abiatuta, apirilean Alemaniaraino iritsiko dira kantu berriz beteriko furgonetarekin.

Zain egon gabe, dio zuen disko berriko kanta batek. Zain eduki dituzue, ba, jarraitzaileak lau urtez.

Lete: Geu ere gure zain egon gara! —barre egiten dute—.

Jatsu: Bizitzak eskatzen dizun erritmoa jarraitzen dugu konposatzerako orduan. Ez diogu gure buruari presarik sartzen, lasai goaz. Lau urte pasa direla? Zer egingo diogu ba!

L: Bai, hasieratik ez genuen inolako datarik jarri diskoa grabatu eta kaleratzeko. Horregatik, pixkanaka joan gara abestian lantzen, eta azkenik sorta on bat osatu dugunean grabatu dugu.

Mundu Margotu berri bat, aurreko lana, gogorra zela esan zenuten hura aurkezterako orduan. Nola definituko zenukete Izan?

L: Nik krudelagoa dela esango nuke; krudelagoa, baina zentzu onean. Taldearen soinua eta grabaketaren planteamendua nolakoa izan den oso ongi erakusten du, eta zuzenekoen aurrerapen moduko bat egiten du. Aurrekoa baino rockeroagoa, gitarreroagoa da, eta orain arte landu ez ditugun estiloak probatu ditugu: rock&rolla, esaterako.

Zer bilatu duzue?

Zaloa: Ez dugu helburu finkorik jarri. Zer esan nahi dugun, zer igorri nahi dugun, pixkanaka irteten da. Azken batean, bizi ditugun gauzak kontatzen ditugu. Egia da lau urte pasa direla azken diskoa kaleratu genuenetik, baina hura aterata denbora behar da lana goxatzeko eta kantei forma emateko.

Disko hau autoproduzitua da, hau da, lanaren ekoizpen osoa zuek egin duzue: kantak idatzi, prestatu eta grabatu. Nola joan da ibilbidea?

L: Gogorra izan da, eta izaten ari da! —barre egiten dute denek—. Ez, egia esan ez da horren gogorra. Ez gara dena aurreikusita izaten dute talde horietako bat, eta beraz, denetariko kantak irteten dira. Hori bai, ezberdinak izan arren, gustatu egin behar zaizkigu abestiak, eta beraz, egindako batzuk ere kendu ditugu. Grabaketan Kakiren eta Martxel Arkarazoren laguntza izan dugu, baina bereziki gu ibili gara saltsan. Diskoa geureago sentitzen dugu horrela.

Irakurri elkarrizketa osoa gaztezulo.com-en

Erantzun

Sartu