Teknologia albisteak

Noomad bizikleta ikusgarri eta berritzaileak aurkeztu dituzte Arrasaten

Erabiltzailearen aurpegia
Gorka Etxabe, Arteman Komunikazioa
2012-03-12 : 09:03

Dinamikoa, erakargarria, berritzailea, erabilgarria eta iraultzailea. Horiexek dira Noomad bizikleten ezaugarriak sortzaileen esanetan. Arrasaten sortu da enpresa berria, Garaia Berrikuntza Gunean, eta gaur aurkeztu dituzte bizikletak.

Noomad Bike from Arteman Komunikazioa on Vimeo.

Arrasateko Garaia Berrikuntza Gunean aurkeztu da Noomad Bizikletak enpresa eta merkaturatu dituen hiriko bizikleta berritzaileak. Hain justu ere, aurkezpenera gerturatukoek aukera izan dute bizikletak probatzeko.

2011ko maiatzean eratu zen Noomad Bizikletak enpresa Garaia Berrikuntza Gunean. Kirol produktuen garapena, diseinua eta berrikuntza bultzatzeko eta sustatzeko asmoarekin sortu zen Noomad. Aurreneko bizikletak dagoeneko garatu ditu eta merkaturatzen hasi da. Noomadbike.com helbidean egin daitezke erosketak.

Proiektu ekintzailea

Noomad enpresaren sortzaileek esperientzia handia dute enpresen gestioan eta ekintzailetasunean. Era berean, kirol arloko produktuen eta bereziki txirrindularitza alorreko berrikuntzari kementsu ekin nahi diote. Horren haritik, Noomad Bizikletak enpresak aurkeztuko duen lehenengo bizikletak aisia, osasuna eta kirola uztartzen ditu, hiriko esparruan erabiltzeko aproposak izanik.

Noomad Bizikletak enpresaren kontzeptua xumea da: berrikuntzan oinarritutako soluzioen bitartez erabiltzaileei balioa erantsi. Ezagutzan, kreatibitatean eta talentuan oinarritutako produktuak eskainiz.

500.000 euroko inbertsioa

Noomad Bizikletak enpresaren sorrerako inbertsioa 500.000 euro ingurukoa izan da. Hiri-mugikortasunaren arloan kokatzen da noomad bizikleta berria eta enpresaren asmoa da Europako merkatuari aurre egitea, batez ere Europa Iparraldera iristea, Estatuko merkatura mugatu gabe.

Noomad Bike from Arteman Komunikazioa on Vimeo.

Erantzun

Twitter ikonoa  Facebook ikonoa  Sartu