MusikHerria herri disketxeak agur esan du prentsa ohar baten bitartez eta azken 7 urte hauetan egindako lanen errepasoa egin du. Epe honetan 74 talderen 82 lan kaleratu ditu Copyleft lizentziapean.
2005eko martxoaren 25-27an erein genuen MusikHerria herri diskoetxea GazteMugi topaketetan eta, horren ostean, maiatzaren 14an Arrasaten, maiatzaren 28an Gasteizen, uztailaren 2an Bilbon eta irailaren 17an Donibane Lohitzunen ureztatutako proiektua urriaren 22an loratu zen. 2006ko urtarrilaren 3an, Burlatan, martxoaren 4rako jaiotza ospatzeko jaialdi erraldoia egitea erabaki genuen. Begi-bistan, Euskal Herri osoko proiektua, parte-hartzailea eta autogestionatua izango zen musika proiektua.
Musika gustuko genuen gazteak batu ginen eta musika-mundua deitzen genion hura iraultzeko tresna sortu genuen. Lehenengo aldiz, Euskal Herrian, musikariek haien musika hedatzeko, modu kolektibo eta antolatu batez. Honelako hitzak erabili genituen: diskoetxe herritarra, copyleft, autogestioa, asanblada...
Ez da bide erraza izan musikan eragitea, baina ziur gaude Euskal Herriko kultur eragile garrantzitsu bat izan garela. Izan ere, ideia sortu zenetik, pasa diren 7 urteetan, MusikHerriatik 74 talde zein bakarlari pasa gara eta 82 lan kaleratu ditugu modu fisikoan (CD, DVD, liburu).
Denak autogestionatuak, denak lizentzia libredunak eta beraz, denak herritarren eskura jarriak. Diskoetxeko partaideok musika borroka tresna bezala erabili dugu eta, horregatik, MusikHerria bera jendarte-eragile bat bihurtu dugu: kulturaren alde, proiektu txikitzaileen aurka, euskararen alde, zapalkuntzen aurka, gazte eta herri mugimenduaren alde... herriaren alde.
Baina, hasten diren gauza guztiei bezala, guri ere, agur esateko ordua heldu zaigu. Beti bezala, agur batek bere arrazoiak ditu eta gu ez gara salbuespena izango:
Horregatik, ondo hasi zena ondo bukatzeko, MusikHerriako kideok, bide berriak lantzea pentsatu dugu. Argi dugu gaur egungo kulturaren egoerari erantzungo dioten ideia berriak behar direla eta MusikHerriak, kolektibo bezala, ez du gehiagorako ematen. Beraz, ikusiko dugu ze sorpresak dakarzkigun ideia berrien zabaltze honek! Hori bai, azkeneko 7 urteetan bezala, ideia bat berresten dugu: Euskal Herriak kultur eztabaida sakona behar du, etortzear dagoen beste jendarte mota berri batek sortuko eta ulertuko duen kultur eredua sortzeko, alegia. Eta, ziur gaude, bide horretan, MusikHerriak adreiluren bat jarri duela, baina argi dugu ere, kolektibo bezala, hustu egin dela.
Hortaz, 2012ko martxoaren 4an, jaiotze-jaialdia ospatu genuenetik 6 urte betetzen diren egunean, MusikHerria kolektiboak agur esan du behin betiko. Hala ere, MusikHerriako kideok musikan jarraituko dugu, ziur tresna eraginkorragoak sortuko ditugula eta, espero dezagun, MusikHerriaren esentzia denboran mantentzea, bestela, jai dugu!
Bukatzeko, adierazi nahi dugu MusikHerriako proiektuan erabili gabe dugun diru apurra, hurrengo egunetan Lodosako Ibaialde ikastolari ematea pentsatu dugula. Ez da diru asko izango, baina MusikHerriaren ibilbideak bukaera duina izateko modu onena iruditu zaigu.
Penaz. Gu ere ibili ginen aspaldi batean MusikHerrian. Beti ikasten da egindakotik. Guk asko ikasi nuen. Besarkada bat denoi!