Cesar Kuriyama artista ezaguna da sarean. Bideogintza du lanbide eta sormengune. Oraingoan proiektu berezia aurkeztu du: 1 second everyday. Egunero-egunero bere bizitzako segundu 1 (bat bakarra) grabatzen du, eta ondoren guztia bateratu, ediziorik gabe. Azken urteko bizipen guztiak 6 minutuko bideo batean laburbildu ondoren (365), aste honetan aurkeztu eta sareratu ditu. 80 urte dituenerako bere bizitza osoa pelikula bakarrean ikustea omen da bere asmoa.
Kuriyamak aste honetan kontatu du proiektua TED jardunaldietan, Californian. Duela urtebete pasa, 30 urte bete zituenean, bere lana utzi (publizitate agentzia batean) eta urte sabatikoa hartu zuen. Azken urte honetan, baina, proiektu pertsonal horri ekin dio, 1 second everyday. Egunero-egunero, egun horretan izan duen momentu interesgarrienetako bat grabatzen du bideoz. Segundu bakarra. Une hori gogoratzeko nahikoa. Ia guztiak mugikorrarekin grabatutako irudiak dira.
Aurten hasitakoa ez omen da bere horretan geratuko. Bizi guztian zehar jarraitu nahi du eguneroko grabazio horiekin. 80 urtera iristeko asmotan dabil eta, hala bada, ordurako 18.250 segundu (egun) izango ditu grabatuta. 50 urtean bizi izandakoa 5 orduko luzemetraian laburtua. Bizitza osoko oroitzapenak arratsalde batean ikusteko moduan.
Azken urtean grabatutakoa duela egun batzuk sareratu du Kuriyamak. Eguneko segundu bakar hori aukeratzea zaila egiten zaiola aitortu du artistak, baina egunek aurrera egin ahala, gero eta garbiago ikusten duela segundu bakar hori nahikoa dela momentua gogoratzeko eta egun horretan bizi izandakoa laburbiltzeko.
Kuriyama Twitterren ere badago eta 1 second everyday Facebooken
Infumable
Ez zait euskarazko berba egokirik bururatu bideo hau kalifikatzeko. Erdarazko "infumable" hau itzel gustatzen zait honelako gauzez iritzia emateko.
Zergatik ez grabatu mikrosegundo bat egunero? Gaur egungo film, bideo-klip, iragarki... gehienak honelakoxeak dira: plano hiperlaburrak, dena arin, dena bizkor... infumablea.
Noiz itzuliko da ikus-entzunezko panoramara patxada, lasaitasuna...?