Teknologia albisteak

Maiatzerako barnetegien eskaintza aurkeztu du AEK-k

Erabiltzailearen aurpegia
Iruñerriko AEK
2012-03-08 : 14:03

Iruñerriko AEKk udaberrirako prestatu duen barnetegietako eskaintza aurkeztu du. Maiatzeko bigarren eta hirugarren asteburuan izango dira eta, berrikuntza modura, aurtengoan Hiri Barnetegia antolatuko dela, Iruñean bertan. Gainera, Arantzan ere izango da barnetegia

Badira bi ikasturte asteburuetako barnetegiak Adunan burutu ditugula. AEKk barnetegien eskaintza zabaldu eta udako eta neguko barnetegi arruntez gain asteburuko barnetegiak aurrera atera ditu. Orain arte burututakoak oso arrakastatsuak izan dira. Asteburu hauetan euskara erabiltzera animatu diren lagunak asko izan dira. Astebururo 30 lagun inguru aritu da, bataz beste.

2012an asteburuetako barnetegien arrakastari eutsi nahi diogu. Horretarako eguraldia lagun izan nahi dugu. Horregatik udaberrian izanen dira urte honetako barnetegiak. Izan ere, eskarmentua badugu. Ausardiaz jokatu eta Nafarroako herri euskaldun txiki batera eginen dugu bidaia; Arantzara. Horretaz gain, Iruñean hiri barnetegia burutuko dugu. Berritasun ugari dakar aurtengo eskaintzak, beraz.

Hiri barnetegia berri-berria den eskaintza da. Iruñean izanen da. Euskaraz bizi nahi dugun guztioi aukera gehiago eman nahi diegu. Eskaintza berri honekin egon den eskaera bati erantzun nahi diogu. Barnetegi honetara leku guztietako jendea etortzen ahal da. Asteburuko barnetegiekin duen aldea afaldu ondoren gure programa bukatu dela da. Horrela beraz, jendeari etxera itzultzeko aukera ematen diogu. Azpimarratu beharra dugu, kanpotik etortzen direnei lo tokia bilatzen ahal diegula.

Barnetegi honetan A2 mailatik gorako jendea elkartuko dugu. Maila desberdineko jendea elkartzeak dakarren aberastasuna aprobetxatu nahi dugu. Maila muga ez dela frogatu nahi dugu. Gogoko tokian aldaparik ez baitago. Asteburu honetan, gainontzeko barnetegietan eginen dugun bezala, mingaina askatu nahi dugu.

Esaerak dioen bezala bihotz eroria hitz on batek altxatzen du. Hori da zabaldu nahi duguna. Euskaraz bizi nahi duen orok izan behar duen filosofia. Ekintza desberdinez lotutako asteburua izanen da.

Asteburu bat baino gehiago da eskaintzen duguna. Euskaraz aritzeko asteburu bat da eskaintzen duguna. Erabileran eta ikas prozesuan sakontzeko aukera ezin hobea. Edozein euskaldunentzat zuzendutako barnetegiak dira. Euskalduntzea bukatu duten horiek, euskalduntzen ari diren horiek, ikasten hasi eta utzi duten horiek... euskara praktikatu nahi duen orok aukera aparta du. Bikoteak, ezagunak, lagunak, ezezagunak, beste euskaltegi bateko ikaskidea, ikastolako lagun ohia... horiek guztiak dira barnetegi hauetan topatuko ditugun lagunak. Euskal Herria luze zabal honetako lurralde ezberdinetatik etorritakoak. Guztiak euskaraz hitz egiteko egarri. Euskara erabiltzea baita bertaratzen direnen xede nagusia. Asteburuari zukua ateratzeko prest hurbiltzen dira.

Ostiral arratsalde gauean abiatuko gara. Afal ordurako guztiok elkarrekin egonen gara. Ondoren dinamika bat eginen dugu, eta honekin hasiko da asteburuko abentura. Elkar ezagutzen hasiko gara eta lehen hitzak entzunen ditugu. Larunbatean goiz hasiko gara eskolekin. Hauek erabilerari begira jarriko ditugu. Herri euskaldun batean izanen dela aipatu dugu, eta hau ustiatu behar dugu. Herrian ibiliko gara gora eta behera, bertakoekin harremanetan. Txangoren bat burutuko dugu eta igandean bazkaldu eta gero etxera bueltatuko gara. 60 orduz barra barra euskaraz arituko gara.

Asteburu hauek Arantzan pasako ditugu. Nafarroan kokatutako herri txiki bat. Euskaldun peto petoa, euskara txoko guztietan entzunen dugun herria. Udaberrian izanen da. Maiatzean hain zuzen ere. Aurten bi asteburutan izanen dugu aukera Arantzan. Honi hilabete berean eginen dugun hiri barnetegia gehitu behar zaio.

Datak, matrikula eta prezioak

  • Maiatzak 5 eta 6 Hiri barnetegia
    Matrikulatzeko azken eguna apirilak 27
  • Maiatzak 11, 12 eta 13 B1, B2 eta C1 Arantzan
    Matrikulatzeko azken eguna maiatzak 4
  • Maiatzak 18, 19 eta 20 A1 eta A2 Arantzan
    Matrikulatzeko azken eguna maiatzak 11

Hiri barnetegien prezioa 75 eurokoa da. Eta Arantzan burutuko ditugunak 110 euro.

Asteburuetako barnetegietan izena emateko AEKko edozein euskaltegietan egin daiteke.

Erantzun

Sartu