Teknologia albisteak

Liburuaren aurkezpena (Robot mugikorrak - Oinarriak), robot eta guzti

Erabiltzailearen aurpegia
UEU eta UPV/EHUko Informatika Fakultatea
2012-03-01 : 14:03

Jakina da literatura eta komikiak eragin handia izan dutela robotikan, eta baita lan honetan ere: Iban Zalduaren Orbangabe sarrerako ipuina eta Antton Olariagaren komiki-tirak topatuko ditu irakurleak liburu honetan: Robot mugikorrak, Oinarriak. Egile-taldearekin batera R-bot eta Xibot LEGO piezekin eraikitako robot mugikorrak ere izango dira.

Bihar, martxoaren 2a, ostirala, UEUk argitaratutako Robot Mugikorrak. Oinarriak liburuaren aurkezpen ekitaldia izango da Donostian, Informatika fakultateko areto nagusian arratsaldeko 16:00etan.

Robotikari buruz euskaraz argitaratzen den lehenbiziko lan honetan, Aitzol Astigarraga eta Elena Lazkanok Robotika Mugikorraren oinarriak azaldu nahi izan dituzte modu praktikoan, hasiera-hasieratik robotak eraiki eta programatzen jarriz irakurlea.

Gaiari buruzko oinarrizko ezagutza teoriko eta praktikoak biltzea izanagatik asmo nagusia, irakurleak ez du topatuko ohiko eduki teknikoa soilik, ez. Jakina da literatura eta komikiak eragin handia izan dutela robotikan, eta baita lan honetan ere: liburua zabaltzeaz bat, Iban Zalduaren "Orbangabe" sarrerako ipuinarekin topo egingo du irakurleak, teknologi berriak eta arazo zaharrak uztartzen dituen ipuin zoragarrian. Horrekin batera, kapitulu bakoitzeko atal teoriko eta praktikoaren artean, Antton Olariagaren komiki-tirak topatuko ditu irakurleak: ikusitakoari buruzko haren irakurketa zorrotz, original eta, nola ez, umoretsuekin.

Aurkezpen ekitaldiak egile-taldea bilduko du, bakoitzak bere arlotik (zientzia, komikiak, literatura) lan honi egindako ekarpena azalduz.

Baina robotikari buruzko liburua izaki, robotak dira bertako protagonista nagusi, eta aurkezpen ekitaldian, egileekin batera izango dira R-bot eta Xibot LEGO piezekin eraikitako robot mugikorrak ere. Lurrean marraztutako marra beltza jarraitu, objektuak ekidin, latak bilatu, ingurunea garbitu... eta beste hainbat portaera interesgarri erakutsiz.

Robotek bide luzea daukate egiteko oraindik, bai, baina ez izan dudarik, bidean dira.

Liburua erosteko gunea

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago