Teknologia albisteak
3

"Xora", Zubererazko lehenengo filmaren trailerra ikusgai sarean

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2012-02-22 : 09:02

Joan zen astetik sarean dugu ikusgai Xora filmaren trailerra. Zuberoan eta zubereraz grabatutako lehenengo filma da. Udan Maule eta Larraine inguruan grabatua, datozen hilabeteotan aurkeztuko da. Peio Cachenaut gidoilari eta zuzendariaren fikziozko lanak "mundu berezi, ilun eta korapilo asko dituena" azalduko du. Oraingoz trailerra ikus dezakegu sarean.

"Xora" filmaren ibilbideak aurrera darrai. Peio Cachenaut zuberotarrak zuzendutako filma da. Duela bi urte hasi zen Cachenaut gidoia lantzen, «Zuberoan egunero gertatzen dena» oinarri hartuta. Hiri bizitza eta mendi ingurukoa uztartu ditu, baita zubereraren bi alderdi ere, bi pertsonairen bitartez: batak euskara du ama hizkuntza; bestea, aldiz, euskaldun berria da.

Jef Goihenexpe eta Tttittika Rekalt dira filmeko aktore nagusiak. 45.000 euroko aurrekontuarekin, hainbat erakunde eta herritarrek lagundu dute egitasmoan. Hebentik elkartea, Aldudarrak Bideo elkartea eta Baleuko ekoizpen etxea dira horietako batzuk.

Grabazioa abuztuan izan zen, Mauleko karriketan zein Larraine inguruko borthuetan. Grabazioaz eta filmaz kronika ederra egin zuen Mikel Asurmendik Argian.

Sinopsia

Egun guzietako harat honatez aserik, bere ofiziozko perspektibek asperturik, nausiaren eskeintzak ukanik ere, Xiberotar gazte bat idazteari lotzen da suharki. Holaz bere osaba zaharraren xenda edireiten du, Hollywood izeneko bere gisako idazlea ; Ameriketan ari izanik, bortuan bizi da ber bera, ermita bezala. Hari arrimatuko da, ber denboran desafio eta miresmena sortuz bi gizonen artean.

Gizon gaztearen pozaldiak osabarekiko bisitaldietan daude, bere etxolan aholku bila doalarik, bai eta Nerea bere neska lagunarekin, hau hurruneko bidai luze batetarik Xiberoara itzuli berri baita.

Idazketak bere bizian leku gero eta handiagoa hartzen duelarik, gizon gazteak aldaketa ttipi bat nabaritzen du bere inguruan, ulertu gabe haatik urratsez ürrats gizon jantzi beltz batek jarraitzen duela, gau eta egun hari zelatan dabilena. Gizaki misteriotsu horrek emaiten du gainera eragina duela gaztearen inguruko gertakari bitxietan, batez ere bere laneko nausia eta haren familia hunkituko dituenetan.

Gizon gaztea ez da batere hortaz enteratzen, baina Nerea bere neska laguna gertatzen ari denaz jabetzen hasten da. Nor da gizon jantzi beltza ? Idazle gaztearen irudimenean sortua, edo haren osabarenean ? Edo beste zerbait ote litake ? Gaztearen kontzientziak zorroztu behar duke presentzia honi aurre egiteko, erantzunak berak lortzeko...

Informazio guztia: Xora-filma.com

Erantzunak

Maikol
2012-02-27 : 13:47

Azpitituluak bitxiak dira gero! Zubereraren "exotikotasuna" azpimarratu nahiz ala?

Amonamantangorri
2012-02-27 : 23:47

Manex gehienok kostata ulertzen dugu Zuberoako euskara, ahozkoa batez ere, eta eskertzen dira azpidatziak. Hala ere, belarria ohitu eta hango hitzak ezagutzen dituenarentzat, zuberera ez da hain exotikoa izanen. Ohitzea da kontua.



Atzerrian badira antzeko kasuak: Gomorra filman, pertsonaiak Napoliko dialekto itxian mintzo dira. Horregatik, Italiako zinemetan, azpidatziak italiera batuan (Toscanako italieran) zituela banatu zen.

Sustatu
2012-03-13 : 11:24

Trailerra ez ezik, filma bera ere ikusgai izan dute Maulen asteburuan. Apiril-maiatzerako zabalduko omen da zinemetara.


Bitartean, Gorka Bereziartuak (Argia) eta Jon Eskisabelek (Berria) kronika bana utzi dizkigute:


Erantzun

Sartu