Teknologia albisteak

Diabetikoen hipogluzemia krisiak detektatzeko, txakurren laguntza? "Amicus canis" proiektua

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2012-04-11 : 11:04

Diabetesa gaixotasun larri eta zabaldua da mundu osoan zehar. Diabetesa duten gaixoek, hipogluzemia krisialdiak izan ditzakete tarteka (behar baino azukre gutxiago odolean). Orain arte ez da aurkitu modu egokirik krisialdi horiek detektatu ahal izateko. Britainia Handian eta Katalunian egindako azken azterketen arabera, txakurrak izan daitezke hipogluzemia kasuak detektatzeko modurik arin eta eraginkorrena. Pertsonaren azukre kantitatea jaistean, gorputzaren usaina ere aldatu egiten omen da, eta txakurrak igarri egiten du. Lan-ildo hori garatzea da Amicus canis proiektuaren xedea.

Diabetesa edo Diabetes mellitus gaixotasun edo sindrome metabolikoa da, zehazki azukrearen metabolismoarekin lotuta dagoena. Pankreak intsulina jariatzen du eta hormona horrek erregulatzen du azukrearen kantitatea odolean. Gaixo diabetikoen pankreak, ordea, ez dute intsulina behar bezala sortzen, eta horren ondorioz azukrearen kopurua odolean normalean baino handiagoa izan ohi da.

Pertsona diabetikoek, tarteka, hipogluzemia krisialdiak izan ditzakete (azukre gutxiegi odolean). Normalean, krisialdi hauen aurretik beste sintoma batzuk agertzen dira: izerdi asko, urduritasuna, dardarak, palpitazioak, gosea... Konortea ere gal daiteke, kasu batzuetan. Hipogluzemia krisialdiak oso denbora laburrean gertatzen dira, minutu gutxian, eta gaixoen bizimodua baldintzatzen dute, neurri batean edo bestean. Arazoa handiagoa da ume txikien kasuan eta gauez gertatzen diren krisialdietan.

Gaur egun ez dago modurik hipogluzemia detektatzeko eta zaintzeko, baina konponbidea txakurren eskutik etor daiteke. Lehen azterketak Queen Unibertsitatean (Belfast) egin zituzten duela bizpahiru urte, diabetesa zuten hainbat gaixok esan zutenean txakurrak urduri jartzen zirela hipogluzemia krisiak zituztenean. Badirudi horrela dela, txakurrak gai direla hipogluzemiak gorputzaren usainean eragiten duen aldaketa nimiñoa sumatzeko.

Oraindik lehen urratsak besterik ez ditu egin ikerketa-proiektuak, baina azterketak egiten dihardute harrezkero, bai Britainia handian, bai Katalunian, Diabetesaren azterketak egiten dituen institutuaren bidez, Amicus Canis proiektuaren bitartez.

Ikerketa hasi besterik ez da egin. Lehenengo urratsean, txakurrak zer detektatzen duen aztertu nahi dute. Ondoren, txakurrak nola hezi ere aztertuko dute. Helburua da, besteak beste, krisia sortzen hasten denean txakurrak ingurukoak abixatu ahal izatea.

Amicus Canis proiektua CIBERDEM erakundearen ikerketa-proiektua da, beste zenbait erakunderekin batera garatua, hala nola, Instituto de Investigación Biomédica Agust Pi i Sunyer (IDIBAPS)-Hospital Clínic, Universidad Autónoma de Barcelona, Argus Detection Dogs eta Asociación de Diabéticos de Cataluña.

Hona hemen proiektua azaltzen duen bideoa, gaztelaniaz:

AMICUS CANIS CAST from Treski Productions on Vimeo.

Erantzun

Sartu