Teknologia albisteak

Kross Berdea jaio da

Erabiltzailearen aurpegia
Cristina Enea Fundazioa
2012-02-19 : 11:02

Datorren martxoaren 11n, igandea, goizeko hamarretan, Kross Berdearen aurreneko edizioa jokatuko da Donostian (6,7 km.), herri-lasterketak ingurumenarekiko eta jasangarritasunarekiko errespetuarekin uztartuko dituen kirol-jarduera aitzindaria. Izen-ematea Kross Berdearen webgunetik egin daiteke.

Asteazken eguerdian aurkeztu zen prentsaurrean Cristina Enea Fundazioak eta Club Atletico San Sebastianek , Donostiako Udalaren laguntzarekin antolatu duten Kross Berdea herri lasterketa jasangarriaren lehenengo edizioa.

Kross Berdea lasterketa alternatibo, ezberdin, jasangarri eta solidario bezala jaio da. Gainera, kirol-jarduera izateaz gain, ingurumen-sentsibilitatea duten pertsonen topaleku ere izango da, non partehartzaileek baliabideen erabilera arduratsuaren eta gure planetari eragiten diogun inpaktuaren murrizketaren aldeko apustua agerian utziko baitute. Kirol-jarduerak antolatu eta berauetan parte hartzeko beste modu bat egon badagoela erakusteko bide aktiboa eta osasungarria da Kross Berdea. Lasterketaren planifikazioaren eta antolakuntzaren fase guztiak dokumentatuko dira, praktika onen gidaliburu bat egiteko, etorkizunean antolatuko diren kirol-jardueren antolatzaileei zuzendua.

Kross Berdea, gisa honetako gainontzeko jardueren kirol-helburu eta ezaugarri tekniko berberak dituen herri-lasterketa da: kirola eta ohitura osasuntsuak sustatzea. Hala ere, jarduera ezberdina da, energia eta ur-xahuketa, hondakinen sorrera eta kutsadura akustikoa eta atmosferikoa minimizatuko duen planifikazio kontzientea egin delako bere garapen-fase guztietan.

Gainera, Kross Berdeak kontzeptu integral gisa onartzen du jasangarritasuna, ingurumen-kontzeptuak bere baitan hartuz, baina baita irizpide ekonomikoak eta sozialak ere. Kross Berdeak S.E.K. Saharatik Euskadira Kirolean G.K.E-arekin parte hartzen du. Berari esker, kirol-materiala bidaliko da Saharara. Horregatik, partehartzaileei dei egiten diegu etxean dituzten edota erabilitako kirol-ekipamenduak utz ditzaten Antolakuntzak horretarako irteera gunean jarriko dituen mahaietan.

Izen-ematea Kross Berdearen webgunean egin daiteke (Kirolprobak webgunearen bitartez) 9 euroren truke (txip berrerabilgarria duten kirolarientzat), edo 11 euroren truke (antolakuntzak utzitakoa erabiliko dutenentzat). Inskripzio bakoitzeko euro bat, Igeldo mendiaren magalean dagoen Mendizorrotz gunean zuhaitz, zuhaixka eta landareen berlandatze proiektu batera bideratuko da.

Prentsa dossierra eta ibilbidea ikusteko, hemen

Erantzun

Sartu