Teknologia albisteak

Oskar Benas, artea eta musika: "Hankak lurrean jarri eta bizitzen ikasi nahi dut"

Erabiltzailearen aurpegia
GAZTEZULO
2012-02-11 : 11:02

Barakaldon jaio zen Oskar Benas, Oreretan hazi, Irunen koskortu eta Bilbora bueltatu zen Arte Ederrak ikastera. 23 urte zituela, ikasketak bukatuta, munduan barrena abiatu zen Fermin Muguruzarekin batera gitarra jotzera. Gero Berlinera aldatu zen eta, 2009az geroztik, Katalunian bizi da.

Zaila da bere ibilbidea lerro guttitan laburtzea. Oskar Benas da arte grafikoan, eta Benitt Ash musikan. Ttikitan hasi omen zen paretak margotzen; musikara, ordea, hamazazpi bat urte zituela hurbildu zen. Makina bat talderen sorreraren atzean dago (ENS, Diczis, Monguinfusion, Zizateh...) baina gaur egun Benitt Ash da kanta formatuan bizirik duen proiektua, eta Maika Makovskiren birarekin txandakatzen du.

Artea eta musika, musika eta artea... Nor zara? Zer egiten duzu?

Besterik gabe, gustatzen zaizkidan gauzak egiten dituen tipoa naiz. Margotzea eta musika jotzea gustatzen zait; bata janaria da eta bestea edaria, ez dakit zein den zer, baina biak behar ditut bizirauteko. Diozun bezala, Oskar Benasek arte grafikoa eta musika instrumentala jorratzen ditu. Benitt Ash, ordea, ni naiz, laguntzaile desberdinekin, kanta formatuan.

Musikan ibilia duzun bidea ezaguna da. Guttik jakingo dute, ordea, Arte Ederrak ikasitakoa zarela.

Egia esan, ikasketak ez nituen sekula amaitu... Plan aldaketaren urtean bat gelditu zitzaidan zintzilik. Ikasgai eta tribunal aldaketak tarteko, ezin izan nuen ordura arteko dinamikarekin jarraitu eta, distantzian ikasteko aukerarik ez nuenez, uztea erabaki nuen. Ordurako lanean hasia nintzen Hondarribiako Truk aretoko dekoratzaile artistiko gisa, eta Hendaiako Talasoterapian ere hainbat lan egin nituen. Oso gustura nenbilen eta interesgarriagoa zitzaidan horretan jarraitzea unibetsitatean eta agian hain aberasgarriak ez ziren gauzekin denbora galtzen aritzea baino!

Gustura zenbiltzan, baina denbora gutti pasa zen Fermin Muguruza ate joka iritsi zenerako...

Trukeko berritze lanak hasi zituztenean utzi nuen hura. Gurasoen etxetik joan berria nintzen, ezer gabe. Garraiolari gisa eta ostatuetan ibili nintzen hortik, baina Fermin Muguruzaren proposamenak musikaren bidetik jarraitzeko balio izan zidan. La Benba Blanch taldearekin jotzen ari nintzen orduan eta bat ala beste aukeratzeko garaia heldu zen. Ferminen birako kontzertuen zerrenda ikusi nuenean... San Frantzisko, Los Angeles... baiezkoa eman nion berehalakoan!

Zure maisua izan dela aipatu izan duzu maiz.

Ferminekin handiagoa egin nintzen! –barrez–. Bere konstantzia miresten dut, guztiari jartzen dion gogoa. Konfiantza izugarria dut berarekin eta zerbait dudanean beti du zer edo zer esateko. Hori bai, erabakia zure esku uzten du beti. Berarekin irakaslearen eta maisuaren arteko diferentzia ulertzen ikasi dut: irakaslea irakatsi nahi dizuna da, eta maisua, berriz, berarengatik ikasteko aukera eskaintzen dizuna. Ferminengandik asko dago ikasteko.

Irakurri elkarrizketa osoa gaztezulo.com-en

Erantzun

Sartu