Teknologia albisteak
4

BTJunkie, BitTorrent deskargen bilgunea itxi dute

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2012-02-06 : 09:02

BTJunkie, BitTorrent sisteman partekatzen diren fitxategiak (musika, filmak eta abar) detektatzeko bilgune handienetako bat, itxi egin dute. Borondatez, jabeek hartutako erabakia da. Sustatun behin baino gehiagotan gomendatu izan dugu, baina orain, BitTorrent zaleek beste zerbait aurkitu beharko dute.

Mezu labur bat jarri du gaur goizean BTJunkie-k bere portadan, eta horixe da webgunetik geratzen dne guztia. 2005-2012 (bere bizialdia hori izan delako), eta ondoren, itzulpen librean:

Bukatu da, akabo. Erabakia ez da erraza izan, baina gure kabuz erabaki dugu ixtea. Zuk komunikatzen duzun eskubidearen alde borrokan urteak eman ditugu, baina aurrera egiteko garaia da. Bizi-esperientzia handia izan da, onena opa dizuegu!

BTJunkie ez zen Megaupload bezala terabyte izugarri pila behar zituen zerbitzu bat. BitTorrent sistemaren p2p teknologiarekin, fitxategiak (filmak, adibidez), erabiltzaileen ordenagailuetan daude, eta elkarren artean bit-ak pasatuz osatzen dira. Hala ere, gune zentral bat ondo etortzen da, ze BitTorrent jaitsiera bat aktibatzeko behar izaten da "abiapuntuko fitxategi" bat. Era berean, BTJunkiek informatzen zuen ea fitxategiak zenbat izain eta hazi zituen (zenbat eta erabiltzaile gehiago, haziak bereziki, azkarrago zebilen), eta baita komentarioen bidez fitxategien kalitatea bermatzeko aukera zegoen.

Beheko irudi hau BtJunkie-ko pantaila bat da, erakusten duena izain eta hazien kopurua zenbait film bertsiorekin. Hala ere, iruzkinetan ageri diren ohar gorrixkak fitxategi okerrak direla ohartarazten ziguten: berdeak behar lukete onak direla esateko.

BTJunkieko sortzaileak Torrentfreak albistegi berezituari esan diotenez, beldur ziren arazo legaletan sartuko ote ziren orain, ikusita Megaupload-ekin gertaturikoa. Bereziki, espetxearen meatxuak beldurtu dituela ematen du. Oraingoz, ez zeuden ekintza legaletan sartuta, baina jomugan zeukaten eskubideen kudeatzaile estatubatuarrek.

Torrentfreak-ek dioenez, erabiltzaileek topatuko dituzte alternatibak, baina era berean diote "aro baten amaiera" dela. Alternatiba bila bazabiltzate, Kickasstorrents edo The Pirate Bay ezaguna izan daitezke adibide parea. Torrentz.eu bilatzailea ere praktikoa da.

Erantzunak

Edu Lartzanguren
2012-02-06 : 10:11

'Izei' beharrean 'Izain' jarri nahi zenutelakoan nago.

Sustatu
2012-02-06 : 10:53

Eskerrik asko, Edu, galanta hankasartzea, zuzendu dugu. Lehengo asteko izei txikiak despistatu gaitu.


Bide batez, izain izan nahi dugunontzat, zuk ere badakizu eta BitTorrentetetaz... zein tokitan begiratu beharko dugu orain?


Edu Lartzanguren
2012-02-06 : 11:18

Zoritxarrez, gero eta portu libre gutxiago geratzen zaizkigu. Piraten badian aterpe hartzea dugu orain. Paraje zoragarria da.

Sustatu
2012-02-06 : 17:29

BTjunkie-ren sortzaile anonimoaren adierazpenak lortu dituen agerkari berak, TorrentFreak-ek, alternatiben zerrendatxo bat egin du publiko. Erantzunetan erabiltzaileek beste batzuk gehitu dituzte.


Erantzun

Twitter ikonoa  Facebook ikonoa  Sartu