Teknologia albisteak

Jaurlaritzak berak erabakitako hizkuntza-irizpideek bete gabe segitzen dute Irekia berrian

Erabiltzailearen aurpegia
Luistxo Fernandez
2012-02-03 : 10:02

Eusko Jaurlaritzaren parte-hartze eta informaziorako plataforma, Irekia, berrizten ari dira, eta Beta fase baterako eztabaida prozesu bat hasi dute. Beta horretarako sarbidea eman dit zerbitzuaren arduradunetako batek, Jorge Valiñok, eta han ikusitako gauza pare bat komentatuko dut.


Argazkiak.org | Irekia berria, portada © cc-by-sa: sustatu

ztabaidarako, izatez, albiste honetan erantzunak uztera gonbidatzen dute, baina hor dauden bi bideoekin, gauza handirik ezin da ikusi. Itxura grafikoarekin gera zaitezke, eta hori, egiazki, ondo landua dagoela iruditu zait. Sarbide orrian sailez saileko Jaurlaritzaren egitura ikusten da, eta sail jakin bat jarraitzea erabaki dezakezu. Sail bakoitzean, profil pertsonalak ere badaude, han lan egiten duten kargu eta profesionalenak, eta horiek ere jarrai ditzakezu. Following zerrenda bat egingo bazenu da. Eta sailez sail, edo pertsona bakoitzaren profilean, proposamenak edo galderak utz ditzakezu, edo besteenak komentatu. Sailburu euskaldun bati utzi diot bat, probazkoa baina benetako jakinminarekin, eta sei egunetan oraindik ez didate erantzun.

Sailez saileko antolakuntzaz gain, beste gai bat ere agertzen da, bakarra ordea: Gobernu Irekia. Uste dut era horretako zeharlerro gehiago sartu beharko lituzketela, Bakegintza, adibidez, edo Krisitik Aterabideak, baldin eta ekintza zeghatzen batzuk planteatuko balira horrela... zeharlerro edo sailen arteko esfortzu batzuk lehen planoan jartzeko modua litzateke.

Euskararekin eta hizkuntza irizpideekin arazoa

Irekia berri honen arazo nagusia hizkuntza da. Batetik, lehen begiradan Irekia gaztelaniaz azaldu zait, eta nik nabigatzailea egoki konfiguratua daukat, euskaraz.

Eztabaida eta proposamen foroen antolakuntza da, ordea, arazo nagusia. Ni euskaraz nabil, eta eduki guztia, proposamen eta galderak, gaztelaniazkoak agertzen zaizkit. Barkatu, baina ez: gaztelaniaz nahi badut, emango diot hizkuntza aldaketari. Euskarazko bertsioa aukeratu badut, ez zait nahiko euskarazko interfazea; euskarazko edukia nahi dut.


Argazkiak.org | Irekia, proposamenak © cc-by-sa: sustatu

Gainera, antolakuntza hori Eusko Jaurlaritzaren irizpideen kontrakoa da. Eusko Jaurlaritzaren gizarte-sareetako erabileren eta estiloaren Gidak (agertu zen artikulua Sustatun) argi esaten du:

Eusko Jaurlaritzaren blog eta foroetako hizkuntza-irizpideak

Eusko Jaurlaritzaren blogetan, aurreko atalean jaso diren Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Ofizialen Erabilerarako Irizpideak erabiliko dira. Edukiak EAEko bi hizkuntza ofizialetan (euskara eta gaztelania) argitaratuko dira osorik, bi bertsio bereizitan. Bi hizkuntzen kalitatea zainduko da. Iruzkinak bakoitzak nahi duen hizkuntzan egin daitezke, eta iruzkinaren hizkuntzari dagokion bertsioan argitaratuko dira.
Blogak administratzaile edo dinamizatzaile elebidun bat izango du; pertsona hori argitalpenaren erritmoa koordinatzeaz arduratuko da (kolaborazioak proposatuz), eta jatorrizkoak bi hizkuntza ofizialetan era orekatuan argitaratzen direla bermatu beharko du. Horrez gain, iruzkinetan interes orokorreko eztabaida edo gai bat sortzen bada hizkuntzetako batean, eduki berri bat sortuko da landutakoarekin beste hizkuntzan.

Irekia berri honetan (eta zaharrean ere ez) ez daude bi bertsio berezi iruzkin eta ekarpenetan. Nahasita ageri dira, eta, euskararen egoera den bezalakoa izanik, gaztelania besterik ez da ageri euskarazko interfazean. Ez dute betetzen irizpideen kontu hori, ez Irekia zaharrak, ez berriak, ezta Jaurlaritzaren zerbitzu gehienek: adibidez, Berrikuntza Publikoaren Planari buruzko PIP blogak ere ez.

Pentsatzekoa da, hizkuntza bereizketa eginez gero, euskarazko alorra erdi hutsik geratuko dela. Hala hobe, izatez, gaztelaniak inbaditua eta fagozitatua baino. Eta izatez, orduan, beste lan bat egin beharko da: euskarazko edukiaren eta parte-hartzearen sustapena bultzatuz, ez ohi bezala guztia gaztelaniaren inertziaren mendean utziz.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago