Teknologia albisteak

Star Wars filmaren remake bat, zaleen eskutik

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2012-01-23 : 12:01

Duela hiru urte, Casey Pugh-ek eta Jamie Wilkinson-ek abentura bitxi eta liluragarria abiatu zuten. Izarretako Gerra (Star Wars) filma 15 segundutako 473 pasartetan zatitu zuten eta zaleei laguntza eskatu zieten, bakoitzak pasartetxo hori bere modura bertsionatu zezan. Emaitza bikaina izan da, zaleek sortutako remake harrigarria. Ostiralaz geroztik azken emaitza sarean ikusteko aukera daukagu:

Casey Pugh eta Jamie Wilkinson gazteak izan dira proiektu honen bultzatzaile eta egileak. 2009. urtean bururatu zitzaien ideia eta berehala zabaldu zuten laguntza-deialdia sarean "Star Wars 473 pusketatan zatitu dugu eta pasarteak zaleen artean bertsionatzea nahi dugu". "Star Wars Uncut" deitu zioten euren proiektu berriari.

Harrezkero hainbat pasarte bildu eta landu dituzte. Tartean, 2010. urtean, Emmy saria ere jaso zuten, proiektuak zuen alderdi berritzailea azpimarratuz.

Ondoren, material guztia editatzeko eta muntatzeko lana etorri da. Lan eskerga, dudarik gabe. Arazo legalei ere aurre egin behar izan diete (besteak beste, George Lucasi bisitaldia, bere onespena eman zezen). Lan teknikoa bikaina bezain handia izan da. Eta filmean zer aurkituko dugun? Denetarik: Lego piezekin egindako pasarteak, txontxongiloekin egindakoak, animaziozkoak... baita aktoreekin egindakoak ere, noski, bakoitzak bere estilo erabat pertsonala emanez bere 15 segundu horiei. Euren webgunean informazio gehiago: www.starwarsuncut.com.

Azken asteotan zatitxoak ikusi ahal izan dira, han eta hemen, baina joan zen ostiral arratsaldean argitaratu zen azken emaitza. Youtuben daukazu ikusgai (goian itsatsita), 2 ordu, 3 minutu eta 53 segunduko artelana.

Erantzun

Sartu