Itxaropena Ikastolak lehiaketa jarri zuen martxan aurtengo Ibilaldiko abesti izango dena aukeratzeko. Lehiaketa azken txanpara heldu da eta bost dira finalean sartu diren taldeak: Larregi, Nabil, Boys os Birle, Basaki eta Ion Barrokal eta The Uskis taldeak. Azken irabazlea Internautek aukeratuko dute: gaur hasi eta urtarrilaren 30a bitartean bozkatu ahal izango da www.ibilaldia.net webgunean.
Aurtengo Ibilaldia, Bizkaiko Ikastolen jaialdia, Trapagaranen izango da maiatzaren 27an, eta Itxaropena Ikastolak antolatuko du.
2012ko Ibilaldiaren abesti ofiziala zein den aukeratzeko lehiaketa jarri zuen martxan Itxaropena Ikastolak. Orotara 26 abesti aurkeztu ziren eta horien artean 5 aukeratu ditu epaimahaiak finalera pasatzeko. Ibilaldiko Kultur Batzordeko kideekin batera Jon Mikel Arronategi Ken Zazpi taldeko kidea, Gaizka Salazar Gatibu taldeko kidea, Iñigo Muguruza eta Baga Biga musika ekintzak enpresako kide bat izan dira 26 abesti horien artean 5 aukeratzearen arduradunak.
Epaimahaikideek jakinarazi dutenez, "ez da lan erraza izan, doinu guztiak kalitatezkoak eta gogoz sortuak izan dira". Talde gehienen esfortzua txalotu dute epaimahaikideek, "ikastolari buruzko datuak bilatu dituzte, herri eta inguruari buruz gehiago jakin nahi izan dute abestiak sortzerako orduan".
Behin azken txanpan murgilduta eta 5 abestirik onenak aukeratuta, epaimahaikideek publikoari pasatu diote lekukoa. Gaurtik aurrera www.ibilaldia.net webgunean abesti finalistak entzun eta edonork du bozkatzeko aukera.
Ibilaldiak aurten teknologia berriei eta batez ere interneten harremanak beste modu batean izateko sortuak diren 2.0 erremintei egin nahi die keinu, beraz, internet izango da azken aukeraketa honetan ere bidelagun.
Bozak gaurtik aurrera eman ahal izango dira, urtarrilaren 30a arte. Irabazlearen izena otsailaren 1ean ezagutaraziko da. Zeuk ere entzun abestiak eta bozkatu!
Talde irabazleak 2012ko Ibilaldiko kantua egitearen ohorea izango du, abestia behar bezala grabatu eta antolatzaileek sortutako bideoarekin batera hedatuko dute.
Irabazleez gain, azken txanpara heldu diren 5 taldeek edukiko dute Ibilaldi egunean kontzertua eskaintzeko aukera, Itxaropena Ikastolako Kultur Batzordeko kideek lekurik aproposena bilatu eta edonork entzun ahal izango ditu maiatzaren 27an.
Erantzun
Sartu