Teknologia albisteak
2

Urteko egunik tristeena da gaur (ala ez?)

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2012-01-16 : 10:01

Gaur goizean triste jaiki zara? Ez duzu ezertarako gogorik? Eguna noiz bukatuko zain zaude? Lasai, normala da. Gaur da eta Blue Monday, urteko egunik tristeena.

Gaur ez zara ondo sentitzen, ezta? Ondo dakigu hori. Goibel, abailduta, lur jota, pott eginda zaude, jakina. Betilun, zorigaitzeko eta hutsal sentitzen zara, noski. Ez da gutxiagorako. Izan ere, gaur da urte guztiko egunik trixteena, Blue monday edo astelehen goibela izenekoa, urtarrileko 3. astelehena.

Horrela omen diote estatistikek, formula matematikoek eta zenbait ikerketak. Arrazoiak ere ba omen daude urtarrileko 3. astelehena hain negargarri suerta dadin:

  • Gabonetako oporrak atzean geratu dira eta dagoeneko urruneko oroitzapen huts besterik ez dira. Hurrengo oporrak urruuuuti dituzula konturatzen hasi zara, gainera.
  • Bestalde, konturatu zara urte hasieran zure buruari jarri zenizkion asmo eta betebehar ederrak (kirol gehiago, erretzeari utzi, hizkuntzak ikasi, estresa alboratu...) aurten ere ez dituzula beteko.
  • Kontu-korronteari begiratzeak ere ez dizu laguntzen. Izan ere, huts-hutsik geratu zen Gabonetan eta laster VISA pasako dizute. Noiz eta urtarrila moduko hilabete aldapatsuan.
  • Hori gutxi balitz, eguraldia ere ez duzu lagun: egun hotzak, eguzki-ordu gutxi... zenbat falta da udarako?

Beraz: triste zaudela? Normala, zer espero zenuen, ba?


Jatorrian, publizitate-kanpaina bat

Orain artekoa, azken urteotan zabaldu den ideia eta ustea. Hango eta hemengo hedabideetan irakurriko duguna. Jatorrian, baina, Blue Monday honen atzean 2005. urteko publizitate kanpaina bat besterik ez dago. Sky Travel bidaia-agentzia britainiarrak udako oporretarako bidaiak saldu behar zituen urtarrilean, eta "Blue Monday" kanpaina jarri zuen abian: "Urtarrileko tristura gainditzeko, erosi lehenbailehen udako oporretako bidaia".

Ustez psikologo baten lanetan oinarritu omen ziren urteko egunik tristeena zehazteko (eta kasualitatez urtarrilean egin beharreko publizitate-kanpainarekin bat etor zedin), baina ez dago hori baieztatzeko inongo datu zientifikorik; kanpaina horretarako ad hoc egindako txostena besterik ez. Bi artikulu hauetan informazio gehiago gertatutakoaz: bat eta bi.

Astelehen goibelaren istorioak, beraz, ondo adierazten digu ohitura eta legendak nola sortzen diren: egun batean nolabait jaio, elur-bola handitu eta ofizial bilakatuz (ikus, adibidez, www.beatbluemonday.org).


"Blue Monday" (New Order)

Egia ala gezur, astelehen hau arinagoa izan dakizuen, horra hor Sustaturen pilula magikoa: New Order taldearen klasikoa, Blue Monday (1983). Zazpi minutu pasa.

Jarri bolumena topera, bihar ere argituko du eta:

Oharra: kondaira on guztietan gertatzen den moduan, honek ere bere aldaerak ditu. Batzuentzat urtarrileko 3. astelehena da egunik tristeena; besteentzat urtarrileko azkenengo astelehena. Hartara, datorren astelehena ere aprobetxatu dezakezu malenkoniatsu sentitzeko.

Erantzunak

jaio
2012-01-16 : 11:15

Galiziatik dator notizia, astelenik ilunena goxatuko diguna...

Xabi
2012-01-16 : 21:00

Euskaraz ere badugu kantu apropos bat:



Gozatu...


Erantzun

Sartu