Teknologia albisteak

Euskara Entitate Publikoetan jardunaldiak

Erabiltzailearen aurpegia
Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza. Herri Administrazioetan Euskara Normalizatzeko zuzendaritza
2012-01-11 : 09:01

Euskara Entitate Publikoetan jardunaldiak ospatuko dira datorren otsailaren 2an Arabako Teknologi Parkean, Miñaon, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak antolaturik. HPSk, jardunaldi hauen bitartez ateak zabaldu nahi dizkio euskarari Sozietate Publiko eta Zuzenbide Pribatuko Erakunde Publikoetan ere bere tokia duela bermatzeko. Horretarako, inplikatutako erakunde guztien lankidetza behar-beharrezkoa dela uste dute, denen artean herritarrari zerbitzurik onena emateko gai izan daitezen.

Jardunaldi hauek, elkar-lanerako abiapuntu izatea dute helburu. Goiz eta arratsalde bateko lan-saioan, aukera egongo da elkar ezagutu, esperientziak partekatu eta arlo honetan dabiltzanen beharrizanak, iritziak, ideiak eta ardurak jasotzeko. Horrela, aurrerantzean etorriko diren eskakizunei aurre egiteko pausoak zehazten joan ahal izango da, batez ere datorren plangintzaldiari begira.

Lan-saioa 3 atal nagusitan banatuko da: teoria, talde-lana eta esperientzia praktikoak. Goizeko lehen orduan, euskara eta entitate publikoen inguruko marko teorikoa definituko da: arlo honi eragiten dion araudia zein den, erabilera planak nola gauzatzen diren eta zein baliabide dauden. Atseden tartearen ondoren, talde dinamika baten bidez, bertaratutakoen iritziak eta premiak jasoko dira, aurrerantzean jarraitu beharreko lan-lerroak finkatzerakoan kontuan hartuko direnak.

Bazkaria ere, lan-saioen barruan antolatu da, elkar ezagutu eta era informalean esperientziak partekatzeko aukera izateko asmoarekin. Amaitzeko, arratsaldean, zenbait erakundek beraien esperientziak eta martxan jarri dituzten ekimenak ezagutzera emango dituzte.

Erakunde bakoitzaren izaera, abiapuntua, beharrizanak, baliabideak eta abar oso desberdinak diren arren, apurka-apurka denei egokitu eta baliagarri izan diezazkiekeen lan lerroak zabaltzea da HPSren nahia. Horrela, erakunde hauetan euskararen presentzia sustatzeko behar diren baliabideak, laguntza eta aholkularitza eskura jarri ahal izateko.

Sozietate Publiko eta Zuzenbide Pribatuko Erakunde Publiko guztietako arduradunei luzatu zaie jardunaldiotan parte hartzeko gonbita, baita interesa duten beste erakunde batzuetako euskara teknikariei ere.

Jardunaldiak euskaraz izango diren arren, aldibereko itzulpen zerbitzua izango da behar duenarentzat.

Jardunaldiei buruzko informazio gehiago hemen eskura dezakezu.

Ireki atea euskarari! Erakundeen arteko lankidetzarekin, herritarrari zerbitzurik onena emateko.

Erantzun

Sartu