Teknologia albisteak

Beste euskal hedabide baten heriotza: Euskonews Gaztea

Erabiltzailearen aurpegia
Euskonews Gaztea
2012-01-06 : 12:01

Albiste triste batekin hasi dugu 2012a. Izan ere, Eusko Ikaskuntzaren ekimenez 2007ko urtarrilaren 12an aurrenekoz argia ikusi zuen gazteei zuzendutako euskarazko astekari honek, Euskonews Gazteak, arrazoi ekonomikoak tarteko, argitaratzeari utzi behar dio.

Bost urtez aritu gara Euskonews Gaztea egikaritzen, eta ohorea izan da gure irakurleengana Euskal Herri osoko gazteen idazlanak helaraztea. Oso gustura ibili gara asteroko edukiak prestatzen eta euskal gazte askoren kezka eta iritziak azaldu ahal izan ditugu, aldez aurretik bat ere baldintzatu gabe.

Euskarazko beste aldizkari bat desagertzen da Euskonews Gaztearekin. Gure hizkuntzaren osasuna ez da hain ona, orain geuri dagokigunaren moduko erabaki traumatikoen aurrean isilik egoteko. Pena da, beraz, euskarak normaltasunerako bideak egiten diharduen bitartean, Euskonews Gaztearen gisako euskarriak itxi behar izatea. Euskara, euskaldunok eta gazteria dira galtzaileak.

Eskerrik asko, bost urte hauetan eskaini diguzun arretarengatik. Zu hor egon zarelako aritu izan gara ilusio eta kemenaz. Helburu batzuk genituen lehen zenbakia atera genuenean eta bete ditugulakoan gaude.

Hala, 2012ko urtarrilaren 6an ipiniko dugu sarean gure azken alea. Ziklo bat itxi nahi izan dugu modu honetan, hilaren 12an betetzen baita astekaria ostiralero zuengana iristearen bosgarren urteurrena.

Gure eskerronarekin batera, har ezazu beti arte bero bat,

Euskonews Gaztea lantaldea

Erantzun

Sartu