Metaposta (edo nola ahaztu papera)
Metaposta Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkartearen (EJIE) eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Merkataritza Ganberen ekimena da. Eta zertarako den? Postontzian jasotzen duzun paper guztia ezabatzeko.
Lehengo baten, lagun baten twit bati jarraiki, artikulu hau irakurtzera heldu nintzen: Dinamarca: ese paraíso digital. Danimarkako hainbat gauza aipatzen dira han, eta horietako bat e-Boks da, postakutxa digital bat. Edonork guretzat dituen paperak gordetzeko lekua. Eta horrek badu parekidea gure artean, Metaposta du izena.
Paperen gordailua da, etxeko fakturak gordetzeko erabiltzen duzun artxibadorea bezala baina elektronikoa. Erregistratu eta noren dokumentuak jaso beste aukerarik ez duzu egin behar. Nik ez ditut jasotzen jada Kutxa, Euskadiko Kutxa edo Euskaltelen faktura eta erreziboak. Dena Metaposta-ra iristen da eta heltzen denean e-posta abisu bat jasotzen dut.
Eguneroko zerbitzuen hainbat faktura bertan jaso ditzakezu jada, urarena, argindarra eta gasarena, bankuenak... eta hori guztia erakunde bakoitzaren "fakturazio elektronikoko" zerbitzuan alta ematen ibili beharrik gabe.
Ea noiz zabaltzen den zerbitzua eta beste bidaltzaile batzuk ere hasten diren horra paperak bidaltzen; Udala, Aldundia eta Jaurlaritza esaterako, dena bertan era erraz baten atzigarri izateko.
Gainera Metapostak zure beste hainbat dokumentu kargatzen ere uzten dizu: beti aurkezten ibiltzen zaren errolda agiria, edo alokairuko kontratua, edo ikasketen ziurtagiriak. Eskaneatu fisikoki duzuna eta kargatu bertara. Metapostan ez dagoen enpresa baten fakturazio elektronikoa erabiltzen baduzu, deskargatu fakturak eta kargatu Metapostara. Agian etorkizunean etorriko da hura ere eta guztia izango duzu bertan.
Ah, eta enpresa edo elkarte bateko arduradun bazara, eta langile edo bazkideei informazia beren Metapostara bidali nahi badiezu Pyme Pack-a dago. Windows aplikazio bat (Linuxen probatu dut eta itxuraz badabil), dokumentu digitalak era erraz baten Metapostara bidaltzeko.
Mikel Larreategiren blogetik ekarria CC-by-sa lizentzia erabilita.
Erantzunak kargatzen...