Teknologia albisteak

IKT 2012 dirulaguntza deialdia

Erabiltzailearen aurpegia
HPS
2011-12-26 : 10:12

Eusko Jaurlaritzako abenduaren 20ko Gobernu Batzordearen oniritzia jaso ondoren, abenduaren 30ean argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian 2012ko IKT deialdia arautzen duen Agindua (2011ko abenduaren 21eko Agindua, Kulturako sailburuarena, 2012an Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologietan euskara sustatu, garatu edota normalizatzeko diru-laguntzak emateko araubidea ezarri eta deialdia egiteko dena).

2011ko deialdian bezala, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak bi multzotan banatu ditu deialdi honetara aurkez daitezkeen egitasmoak:

  • Euskarazko atari eta web guneak edo Interneterako euskarazko eduki berriak (A Multzoa): 950.000 euro
  • Softwarea euskaraz sortzea edo eta euskarara lokalizatzea (B multzoa): 514.200 euro

Eskabideak aurkezteko epea 2011ko abenduaren 31n hasiko da eta 2012ko urtarrilaren 30ean bukatuko da.

2012ko deialdirako behar izango diren eranskinak eta azalpenak Euskadi.net web orriko EUSKARA atarian izango dira 2011ko abenduaren 30etik aurrera.

2011ko deialdiarekiko zenbait aldaketa.

1.) Egitasmo bakoitzari esleitutako gutxieneko diru-laguntzaren kopurua egokitu egin da, 500 eurotik 2.000 eurora igo da.

2.) Balorazio Irizpideetan bi irizpide berri gehitu dira:

  • A. Egitasmoak euskararen sustapenean izan dezakeen eragin maila baloratuko da;
  • B. Lizentzia libre edota kode irekiko edukiek edota aplikazioek puntu gehiago jasoko dituzte, Eusko Jaurlaritzaren politikari jarraituz

3.) Diru-laguntzaren ordainketa egiteko modua aldatu egin da. Kasu guztietan, bi ordainketa bideratuko dira: lehen ordainketan esleitutakoaren %80, 2012. urtean, eta bigarrenean, hala badagokio, %20, 2013. urtean.

4.) Eskatzaileak aurkeztutako aurrekontua arazteko aukera gehitu da. Horrela, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eskatzaileak aurkeztutako aurrekontua egokitu ahal izango du, lanen merkatuko kostu estimatua kontuan hartuta.

Sareko hedabideak

Sareko hedabideen kasuan, gogoratu behar da laguntza honen bitartez soilik diruz lagunduko direla aldaketa edota hobekuntza teknologikoak, hau da, sistema berriak egitea edo diren sistemak egokitzea. Hedabideetako edukiak, berriz, ez dira diruz lagunduko, horiek euskarazko hedabideak sendotu, garatu eta normalizatzeko diru-laguntza deialdiaren bitartez lagunduko dira eta.

Euskarazko hedabideak laguntzeko 2012ko deialdia, berriz, 2011ko abenduaren 29ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da. Honetan, eskabideak aurkezteko epea 2011ko abenduaren 30etik 2012ko urtarrilaren 30era da.

Deialdiei buruzko informazioa www.euskara.euskadi.net atarian izango da, deialdiak argitaratu ondoren.

Erantzun

Twitter ikonoa  Facebook ikonoa  Sartu