Euskara gaixo dago Osakidetzan
2011-12-25 12:12
Halako batean, bururatu zait Areilzakoan informazioa eskatzera, gazteleraz (...) txandak ematen jarduten duen eta kartela bere mahai ondoan duen morroiari. Harridura aurpegiz eta gaztelania zuzenez eskatu dit beste ilada batera joateko, "Atencion al paciente"n esango didatela zerbait. Hau da, ideiarik ere ez dauka kartelak adierazten duenaz eta koreeraz zerbait eskatzen ari banintz bezala bidali nau, egin nahi izan ez dudan, beste ilada batera.
Mesedetako anbulategian berriz, egun berean, egoera bera. Tipoak, erdi totelka (baina beti gazteleraz) diost hori, zera, informazioa euskaraz jaso nahi dutenek egin behar dutela. Beno, irakurtzen badakidanez, hori banekin. "Baina zer egin behar den, hori lortzeko". Bada, ez dakit, Ines ez dago hemen eta horrelako aitzakiak eman dizkit. Tartean segurata ere sartu da "Hori egiteko anbulategiko arduradunarekin bildu beharko duzu eta agian eskabideren bat egin". Ondo. denboraz larri ez nenbilenez, hantxe geratu naiz, zehazki zer egin behar nuen jakin nahian. Azkenean, halako batean, delako Inesi telefonoz deitu diote eta, euren programa informatikoan "box" txiki batean Euskara aukeratzea besterik ez dela USTE duela, baina badaezpada, lagatzeko nire izen abizenak eta telefonoa eta esango didatela zerbait.
Bengoa jauna, zure lagunen batek hau irakurri edo komentatzen badizu, horixe da Osakidetzan euskarak duen errealitatea. Bilbon, ez ametsetan. Ia 2012an. Demokrazia eta elebitasun on.
Erantzunak kargatzen...