Teknologia albisteak
4

Eusko Jaurlaritzak dirulaguntza zuzena kendu dio UEUri

Erabiltzailearen aurpegia
Udako Euskal Unibertsitatea
2011-12-23 : 12:12

UEUk (Udako Euskal Unibertsitatea) diru-laguntza nominala izan du Eusko Jaurlaritzan 1998. urteaz geroztik. Joan zen astean konfirmatu dio Jaurlaritzak UEUri diru-laguntza hori bertan behera geratuko dela, UEUren egitura eta hainbat proiektu egoera larrian utziz. Gaur goizean agerraldia egin du UEUk Bilbon egoera salatzeko. Bertan izan dira UEUko zuzendari izandako Lore Erriondo, Xabier Isasi, Mikel Aizpuru, Kepa Altonaga eta Martin Orbe.

Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) agerraldi baten bidez Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailburuak UEUren zuzeneko dirulaguntza osoa kentzea salatu du gaur. Egoera honek UEUk bere jardueraren azterketa sakona egitera behartzeaz gain, egiturazko murrizketak ere ekarriko ditu. Hala ere, UEUk tinko azpimarratzen du erabaki politiko honek ez duela bere jarduera etengo eta lan egingo duela bere bazkideen, instituzioen eta gainontzeko eragileen babesa jasotzen, orain arteko bere ekarpenak aurrera jarrai dezan.

Hauxe da UEUk salaketa plazaratzeko idatzi duen testua:

Izena eta izana

Euria ari du. Gogotsu. Zorioneko krisialdiak (zorigaitzeko, hobeto esanda) goitik behera blaitu gaitu denok eta besteak beste euskalgintza, kulturgintza, hezkuntza edota jakintzaren sustapenaren hainbat alorretan dihardugunok. Klima ozeanikoaren umela ezaguna genuen aspaldi, ordea, eta sekula erantzigabea genuen ziraz jantzita harrapatu gaitu aipatu ekaitzak.

Uda garaian jantzi zuen UEUk euritakoa lehen aldiz, 1973. urtean. Orduz geroztik, euskararen eta unibertsitatearen arteko zubiak eraikitzen, euskal komunitate zientifiko-intelektuala biltzen eta ekoiztutako unibertsitate-gaiak gizartearen esku jartzen jardun du. Eta arestian aipatu bezala ezagutu ditugu era guztietako langar-giro, ziri-miri, euri ttiki, erauntsi eta kazkabar erasoak. Tokatu zaigun atmosfera zati kantauriar honi izpiritu “udatiarrez” eutsi izan diogu beti.

Elkarlanean, ikuspegi dinamikoz eta izaera parte-hartzailez UEUk berak sustaturiko uda zein neguko jarduera akademikoak, argitaratutako korpus bibliografikoa edota IKTetan garaturiko hainbat azpiegitura eta zerbitzu UEUren beraren berme izan dira. Bideragarritasun ekonomikoa, ordea, aipatu berezko ekinbide hauetaz gain hainbat erakunde publikoren diru-laguntzei esker lortu da, 1.100 bazkideren laguntzarekin batera. Hartara, autonomia eta gizarte-izaera galdu gabe UEUk erakunde publikoen sostengua jaso izan du bideragarritasuna bermatze aldera. Hementxe berreskuratuko dugu metafora klimatologikoa: "Geruza" instituzional hauetan ezagutu baititugu gora-behera barometrikoak.

Azken urteotan aipatutako krisialdiak hainbat erakunde publikoren etengabeko murrizketa ekarri du. Ttanttaka batzutan eta jario nahiko larriz bestetan, UEUk jasan du diru-murrizketen atergabeko ixuria.

Gaur salatu nahi duguna, ordea, diru murrizketarekin batera Eusko Legebiltzarrean aurkeztu eta bozkatu diren 2012rako aurrekontuek agerian utzi dutena: UEUri 1998az geroztik esleitutako partida izendunaren desagerraraztea. Izan ere, gaur Legebiltzarrak bozkatu dituen aurrekontuek UEUren bideragarritasunari danbateko agerikoa emateaz gain, diru-laguntza "merezi" duten erakundeen izen zerrendatik ezabatu baikaitu. Ekialdeko agintarien boladak bortitz sartu dira mendebaldeko instituzioetan. Aurrena laguntzak murriztu, 0 euroan utzi hurrena eta desagerrarazi azkena. Gasteizko aurrekontuek, alabaina, ez dute UEUri esleitu ohi zaion diru-laguntza ezereztu. Zuzenki subentzioaren onuradunaren izena ere desagerrarazi dute.

Dute diogu baina du esateko gogoa dugu. Izan ere, Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean aurkeztutako emendakinek talde abertzaleen jarrera positiboa agertarazi dute. Legebiltzarretik kanpo egunotan izaniko bestelako harremanek ere izan dute bere fruitua eta UEUren "desagertarazpenaren" aurkako jarrera agerian utzi. Baita PSEren barrenean ere. Eta horrexek du aditz horren subjektua Hezkuntza Sailburua dela pentsarazten gaitu. Bera izendatzen dugu erabaki izengabetzaile honen arduradun gisa.

Eta halaxe, eguraldi petralarekin eta Eusko Jaurlaritzarako izenik gabe, segitzen dugu gure zira zaharrarekin, gure aterkipean. Izena izan badugulako, baina batez ere izana badaukagu, euritakoa badugu. Ez ditugulako datorren urtean 40 urte alferrik beteko. 40 urte udako ikastaroak antolatzen. 40 urtez eguraldia zerbait aldakorra dela pentsatzen.

Karmele Artetxe, Lore Erriondo, Aitzpea Leizaola, Xabier Isasi, Mikel Aizpuru, Kepa Altonaga, Inaki Irazabalbeitia, Baleren Bakaikoa eta Martin Orbe
UEUko Zuzendariak

Erantzunak

Sustatu
2011-12-23 : 14:16

UEUk berak datu gehiago eman du Unibertsitatea.net webgunean. Hona hemen.


sosola
2011-12-23 : 21:00

Holako erabakia eta horrela hartzea astakeria izateaz gain, gogota bat: Batzuk agintean egonik ez dute agitepean duten herria/gizartea ezagutzen ez eta ulertzen ere. Animo hau rirabazitta jagon/k eta.

Irala
2011-12-23 : 23:19

Auzo lotsa ematekoa!! Lasai, latzagoak pasa dira; Denok ez gaude lo.

bordaberria
2011-12-25 : 14:11

UEU, euskal prentsa, labayru, Etniker,... "euskal" guztiari errotik mozten dituzte gure agintari autonomistek polita argi bati jarraituz,,, Jose Luis Bilbao eta Garitanori ikusi nahi ditut diru galera hauen kontra egiten eta kotra ofensibarako oinarriak jartzen. Ez da diru askorik bez, edozein bide konponketa baten beste.

PPPSOEUPN ri ez zaio guzti hau doan atera behar, ez horixe.

Erantzun

Sartu