Interneten modan dagoen kontu bat: bisualizazio infografikoak. Datu-multzo bat ikustarazteko modu praktiko bat, bereziki sare sozialen garaian era honetako materialak oso erraz hedatzen direlako, ikusmira labur batean erakartzen zaituen zerbait bada, Facebook-eta edo Twitterrera azkarrago zabal dezakezu. CodeSyntax-en adibide parea egin dugu azken egunetan bezero batentzat, Nestoria etxe bilatzailerantzat.
Javier Etxebeste enpresari euskaldunak Londrestik gidatzen duen enpresa da Nestoria, eta harentzat egindako proiektuari Nestoria Data deritzo. Horra lehen bi bisualizazioen irudiak:
Futbolekoarekin lortutako datuak, tira, apur bat kasualitatezkoak dira, ze ez dugu uste benetan korrelazio handirik egongo denik (printzipioz) talde baten gorabeheren eta etxebizitzen prezioaren artean. Baina kasualitatez edo, aurtengo denboraldian badago joera bat Madrilen eta Bartzelonaren artean...
Hauteskundeetakoak joko gehiago eman zuen. Madrilen egin genuen datu erkaketa, eta datu argi samar bat nabaritu dugu: PP eta PSOEren arteko aldea (beti PPren alde), handiagoa da auzorik garestienetan; ikaragarri handia ere bai Madril garestienean, 50 puntu portzentualeko abantaila.
Goitik beherako bisualizazio handietan integratu ditugu koadro horiek. CodeSyntax-eko diseinatzaile Maite Rementeriak egin du lan grafikoa. Etxebizitzen inguruko datuak Nestoriaren API irekitik aterata daude.
Era honetako gehiago ikusteko, Pinterest gunean aukera politak daude, eta webgune espezifiko bat ere badago, Visual.ly, honelakoak partekatzera zuzendua.
Bitxia da, nire iritziz, nola papereko munduarentzat 1980ko hamarkadaren amaieran eta 1990koaren hasieran garatu zen komunikazio grafikoaren joera hau, infografia, Interneteko aro sozial honetan ari den benetan eztanda egiten. Infografistak prentsa idatziaren krisitik salbatuko direlakoan nago: Interneten aurkituko dute tokia.
Madrid, Madril, Madrit... ederrak, euskaldunok!