Teknologia albisteak

Mondragon Unibertsitateak eta Mondragon Korporazioak euskaraz idatzitako MUko ikasleen gradu amaierako proiekturik onena saritu dute

Erabiltzailearen aurpegia
Mondragon Unibertsitatea
2011-12-07 : 10:12

HUHEZIko fakultatean eman zen joan den astean, euskaraz aurkeztutako gradu bukaerako lan onenari saria. Edizio honetako saritua, Mondragon Unibertsitateko HUHEZI fakultateko Psikopedagogiako ikaslea den Irantzu del Portillo Lopez izan da “Erresilientzia goiztiarra haurraren garapenean” lanarekin. Mondragon Unibertsitateak eta Mondragon Korporazioak 2000 euroko saria eman diote gradu amaierako proiektuak euskaraz sariaren 1. edizio honetan.

Sari hau, Mondragon Korporazioko Euskara Batzordearen ekimenez sortu da eta ikasleek unibertsitatetik lan mundura jauzi egiten dutenean ikasketa amaierako proiektuak euskaraz egitea sustatzea du helburu. Mondragon Korporazioak bere Plan Estrategikoan jaso zuen erronka hori eta 2010ean lantalde bat sortu zen Mondragon Korporazioko eta Mondragon Unibertsitateko fakultateetako kideez osatuta sari hori abian jartzeko. Mondragon Unibertsitateko ikasleek, Mondragon Korporazioko erakundeetan egin dituzten proiektuak aztertu eta ebaluatu dituzte hiru fakultateetako bina kidek eta Mondragon Korporazioko ordezkari batek.

Guztira 17 proiektu aurkeztu dira sarira Enpresagintzatik, Goi Eskola Politeknikotik eta HUHEZItik. Aurkeztutako lan guztiak maila tekniko altuko proiektuak dira, 9 notatik gorakoak eta proiektu irabazlea euskaraz ondoen idatzitako lana izan delako nabarmendu da.

Epaimahaia fakultate bakoitzeko bi kidek (Joxe Aranzabal, Arantza Ozaeta, Aitor Lizartza, Rafa Altuna, Xabier Arrasate eta Pedro Urteaga) eta Mondragon Korporazioko ordezkari batek (Mikel Lezamiz). Analisi sakon bat egin ondoren, adostasuna egon da lanak puntuatzerako orduan eta aho batez aukeratu da lan saritua.

Aurtengoa, sari horren 1. edizioa izan bada ere, urtero antolatzeko asmoa dago. Beraz, aurtengoa hasiera besterik ez da izan eta hurrengo edizioetan partaide kopurua handiagoa izatea espero da.


Erantzun

Sartu