Teknologia albisteak

Xabi Strubellen lan berria, 'Lur gorrian barrena' disko-liburua, kalean da

Erabiltzailearen aurpegia
Maluta argitaletxea
2011-12-05 : 17:12

Maluta argitaletxeak Durangoko Azokan hiru argitalpen berri aurkeztuko ditu aurten: batetik, Xabi Strubell musikariaren Lur gorrian barrena disko-liburua, eta bestetik, Eneko Haritzak idatzitako Mari, haitzuloetako dama eta Tartalo begibakarra liburuxkak. Guztiak 3 eta 8 urte bitarteko haurrentzat dira, ipuinak entzun, irakurri, marraztu eta abestu dezaten.

Xabi Strubell musika esparru berri batean sartu da: kantu tradizionaletan oinarrituta, haurrentzako kantak egin ditu, bere estilo pertsonalean doinu berriak eskainiz. Gitarra akustikoaz eta musika tresna gutxi batzuen laguntzaz, haurrei zuzendutako kanta jostariak prestatu ditu.

Disko-liburu honetan Xabi Strubellen bederatzi kanta topa ditzakegu, baita hamar narrazio pasarte ere.

Diskoan, kantak ipuin batean txertatuta daude. Narrazioa Eneko Haritzak landu eta Ainara Lasak kontatu du. Gainera, liburuan, Yoana Figuerasek marraztutako irudiak margotzeko aukera izango dute haurrek. Horrela, kanta, ipuin eta koloreztatzeko irudiz osatutako disko-liburua aurkeztuko du Maluta argitaletxeak: Lur gorrian barrena.

Diskoko abestien zatiak Maluta.eu webgunean aurkituko dituzue.

Honez gain, Maluta argitaletxeak mitologiako pertsonaiekin hasitako sailari jarraiki, aurten Mari eta Tartalo pertsonaiak aurkeztu ditu.

Yoana Figuerasen koloreztatzeko irudiz lagunduta, Mari, haitzuloetako dama liburuxkan mitologiako pertsonaia honi buruzko gorabeherak kontatu dizkigu Eneko Haritzak; Tartalo begibakarra liburuxkan, berriz, pertsonaia honen kondaira topatuko dugu, Yoana Figuerasen irudietan eta Eneko Haritzaren hitzetan. Haurrek, ipuinez gozatzen duten bitartean, marrazkiak koloreztatzeko aukera izango dute bi liburu hauekin.

Lan guztiak Malutaren webgunean eskura daitezke, baita ohiko liburutegietan eta Durangoko Azokan ere. Gainera, abenduaren 7an eta 8an, haurrentzako aurkezpen-emanaldi bana egingo dugu.

Gurekin harremanetan jarri nahi izanez gero, hona datuak:

Maluta argitalpenak

Donostia

Arduraduna: Sabrina Mizobe

Tel.: 943 504 206

sabrina@maluta.eu

Erantzun

Sartu