Teknologia albisteak

LIFE aldizkariaren onena eta txarrena

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2011-12-02 : 16:12

LIFE aldizkari amerikarrak 75 urte bete ditu eta bere historiari errepasoa egiten ari da azken asteotan. Besteak beste, argazki-galeria ederrak sareratu ditu, bere historia luzea laburbiltzeko asmoz. Onenetarik eta txarrenetarik erakutsi digute. Klik eta klik egin galerietan, aurrera-ta-atzera, argazki ederren bitartez azken 75 urteotako politikari eta kulturari errepaso eginez.

Life aldizkaria foto-kazetaritzaren ikur izan da hainbat belaunaldiz. 1936an sortua, aurten 75 urte bete ditu. 2007. urteaz geroztik ez da paperean argitaratzen, baina sarean bere lekua izaten jarraitzen du.

Azken egunotan, 75. urteurrena dela eta, bere bizitza luzean egindako lanaren errepasoa egiten dihardute. Argazkirik onenak, azalik deigarrienak,... baita egindako lanik txarrena ere.

Adibiderako, hona hemen pare bat galeria: LIFE aldizkarian argitaratutako 75 argazkirik onenak, gerrako argazkiekin osatutakoa eta Life aldizkariaren historiako 25 azalik txarrenak. Euren webgunean gehiago. Klik eta klik, aurrera-ta-atzera, orduak pasatzeko modukoa.

Life aldizkaria 1936. urtean sortu zuen Henry Lucek eta fotoperiodismoaren ikur izan da hainbat belaunaldiz. Bere garairik onena 1970. hamarkadara arte izan zen, astero argitaratzen zen prestigio handiko aldizkaria zelarik. Hor hilabetekari bihurtu zen eta bere arazo ekonomikoak handitzen joan ziren, 2007. urtean paperean argitaratzeari utzi zioten arte (historia osoa Wikipedian).

Gaur egun Time Warner komunikazio-enpresa handiaren barruan dago.

Erantzun

Sartu