Txio, EITB.com-en zuzeneko emanaldietan integratua (gaur, MinoriTB topaketan)
Txio produktua garatu dugu aurten EITBrentzat, Twitter bidezko jarioak EITB.com-eko ikus-entzunezko eskaintza informatiboan txertatzeko modua. Tourrarekin saio bat egin zen uztailean, eta esperientzia hartatik abiatuta, produktua aberastu dugu azaroan martxan jarri den bigarren fase honetarako. Gaur, MinoriTB jardunaldiaren streaming emanaldiarekin batera ikus dezakezu martxan, eta bertan parte hartu ere bai.

Argazkiak.org | Txio azaroaren 20ko hauteskundeetan © cc-by-sa: codesyntax
Orain, Txiok bi aurpegi ditu. Batetik, EITBren Twitterreko kontu nagusien jarraipena egiten du bere URL nagusian, txio.eitb.com-en, edukia bereiziz gaztelaniaz eta euskaraz.
Bestetik, gertaera zehatz batzuen jarraipenerako balio du, eta horietako bi hurrengo orduetan izango ditugu:
- MinoriTB jardunaldia (hizkuntza gutxituetako telebisten topaketa), gaur asteazkena goiz eta arratsaldez. Streaming zuzenean euskaraz eta baita gaztelaniaz
- eta Buber Sarien ospakizuna (Interneteko euskal ekimenei sariak), ostegun arratsaldez, abenduak 1, 18.00etatik aurrera. Streaming zuzenean euskaraz eta baita gazteleraz.
Bi seinale horien ondoan egongo da txertatuta Txio, eta oraingoan, jarraituko ditu ez bakarrik bertaratuko diren tuiterlarien jarioak, baita traol edo hashtag espezifikoak ere, #minoritb eta #buber
Gainera, bi kasuetan zuzenean parte hartu ahal izango da, Facebook edo Twitter bidez konektatuta, eta bertatik eginez gero txio (mezua bidali, alegia), 140 karaktereen muga ere gaindituko da. Luzeago idatziz gero, laburtuko du mezua Txiok, tweetlonger-ek egiten duen eran. Era berean, estekak sartuz gero, Txiok haiek irakurri eta eduki aberastua gehitzen dio mezuei, estekatik ekarritako testu edo irudiak, normalean.
Hurrengo egunetan, beste era batzuetako ekitaldien inguruko txio-emanaldiak antolatuko ditu EITBk. Adi egon!
Erantzunak kargatzen...