Hezkuntza jardunaldiak: Haur hezkuntzaren garrantzia euskararen jabekuntzan eta garapenean
2011-12-02 09:12
Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak hezkuntza arloan antolatuko duen jardunaldia aurkeztu du Donostian egindako agerraldian. Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok eta Hik Hasiko Arantxa Urbek parte hartu dute prentsaurrekoan. Azken urteotan zabaldutako bidea jarraituz antolatu du Kontseiluak jardunaldia, Donostiako Miramar jauregian, abenduaren 16rako, Haur hezkuntzaren garrantzia euskararen jabekuntzan eta garapenean izenburupean.
Kontseiluako idazkari nagusiak azaldu duenez, proposamen hau osatu behar delakoan gaude, kontuan hartuta haurraren hasierako urteek garrantzi handia hartzen dutela hizkuntzen jabekuntzan, oso interesgarria iruditu zaigu gure ekarpen orokorrari 0-6 urterako ekarpen zehatzak egitea. Bestalde, Kontseiluak ikasle guztiak euskalduntzeko egin duen proposamena aipatu du. Proposamen horren helburu nagusia derrigorrezko irakaskuntzak ikasle euskaldun eleaniztunak sortzea da, hau da, 16 urterekin euskaraz gutxienez B2 maila egiaztatzea.
Bilbaok azaldu duenez, gaur egun ez dago bermatuta ikasleek euskara maila egokia lortuko dutenik eta horri erantzun nahian osatu zen aurretik aipatutako proposamena. Hainbat urtetako eskarmentuak euskaldun eleaniztunak sortzeko bidea zein den erakutsi dio Kontseiluari, eta horren harira honakoa azaldu du Bilbaok: erabaki estrategikoak hartu behar dira bizikidetza iparra izango badugu, eta horrexegatik, inoiz baino garrantzitsuagoa da euskalduntasunetik eleaniztasunerako bidea egiten duen eredua abian jartzea.
Hik Hasiko Arantxa Urbek eman du edukiaren berri: haurraren arlo emozionalari erreparatuko zaio, eta horretarako Mondragon Unibertsitateko Karmele Perezek Arlo emozionalak edo enpatiak irakaskuntza-ikaskuntza prozesuan duen garrantzia hitzaldia eskainiko du.
Hik Hasiko kide Arantxa Urbek eman du jardunaldiaren egitarauaren berri. Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok ikasleak euskalduntzeko Kontseiluak egiten duen proposamena azalduko du. Haur hezkuntzak euskararen jabekuntzan eta garapenean duen garrantziaz arituko dira.
Ondoren, adin horretan eta aipatzen ari garen hizkuntzarekiko hainbat alderdi ikertu dituzte Salamancako Unibertsitateko Andoni Barreñak, EHUko Marijo Ezeizabarrenak eta Mondragon Unibertsitateko Iñaki Garciak Haur euskaldunen komunikazio-garapena neurtzeko KGNZ tresna, 8-50 hilabete bitarteko haurrekin egindako ikerketaren emaitzen berri emango digute, azaldu du Urbek.
Murgiltze sistema eta haren egokitasunei ahalik eta etekin handienak nola atera ikusteko, Kataluinako Vic-eko Unibertsitateko Vanesa Amat Castells eta Llorenç Comajoan Colome egongo dira Haur Hezkuntzako 0-6 aldiko hizkuntza-murgiltzea-ren inguruko begirada bat emango dute izan dituzten esperientzietatik eta egin dituzten hausnarketetatik abiatuta.
Jardunaldia abenduaren 16an izango da, Donostiako Miramar jauregian 08:45etik aurrera. Parte hartzea doakoa izango den arren, izen ematea nahitaezkoa da kontseilua@kontseilua.org helbidean edota 0034 943 591200 telefono-zenbakian.
Kontseiluko idazkari nagusiak eskerrak eman dizkio Hik Hasiri antolaketa teknikoaren ardura euren gain hartu dutelako, baita Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari ere jardunaldi hauek diruz laguntzeagatik.
Erantzunak kargatzen...