Teknologia albisteak

Pilota jaialdia euskararen alde

Erabiltzailearen aurpegia
HPS - Munduoro
2011-11-27 : 10:11

Abenduaren 2an, ostirala, hurrengo egunean Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzen dela-eta, euskararen aldeko pilota jaialdia jokatuko da Donostiako Atano III. pilotalekuan, 22:15ean. Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak antolatutako jaialdian, Xala eta Laskurain, Bengoetxea VI.aren eta Barriolaren aurka ariko dira partida nagusian, eta bertaratzen diren guztiek ez dute sarrerarik ordaindu beharko. Izan ere, egun horretako helburu nagusia ahalik eta euskaltzale gehien bertan egotea da euskarari arnasa eta bultzada eman diezaioten.

Euskal kulturan eta bertako herritarren artean pilota erabat errotutako kirola izanik, gainerako kirol guztien ordezkaritzat hartu nahi izan da, kirolaren alorra ere, Euskararen Nazioarteko Egunean euskararekin bat dagoela adierazteko. Horrexegatik, partida nagusia jokatu aurretik euskararen aldeko adierazpena irakurriko dute pilotariek kantxan bertan.

Euskara bizirik nahi dutela aldarrikatzeaz gain, herritar guztiok euskara dagoen tokira eramatea lortu dugula azalduko dute, eta hitz emango dute euren hondar alea jarriko dutela euskara elkarrekin are urrunago eramateko. Pilota-jaialdi horren aurkezpen-ekitaldia datorren asteartean, 16:00etan, egingo da Eusko Jaurlaritzaren Donostiako egoitzan (Andia kalea, 13).

Erantzun

Sartu