Mariasun Landak jasoko du 2011ko "dabilen elea" saria
Berritzailea izan da Mariasun Landa haur eta gazte literaturaren arloan; oparoa liburuak idazten; hizkuntza askotara itzulia; jende askok irakurria; sari askoren irabazlea eta beste zenbaiten hautagaia; irakurzaletasunaren sustatzaile nekaezina
Euskal Liburuaren Gaua urtero antolatzen da 2008. urteaz geroztik, kultur industriak euskal gizarte eleanitzaren garapenari egiten dion ekarpena agerian jarri eta ikusaraztea xede harturik. Gainera, euskarazko liburugintzan parte hartzen duten hainbat eragileren bilgune ere bada, hala nola, argitaratzaileena, idazleena, irudigileena, itzultzaileena
Honako hauek jaso dute saria aurreko urteetan: Antton Olariaga (2008), Joan Mari Torrealdai (2009) eta Itxaropena argitaletxea (2010).
Laugarren edizio honetan, Kutxaren babesa izan dute bost elkarteek ekitaldia antolatzeko, bai eta Eusko Jaurlaritzaren eta Donostiako Udalaren laguntza ere.
Ekitaldia
Idoia Noble itzultzaile eta interpreteak gidatuko du ekitaldia, eta Joxan Goikoetxeak jantziko du musikaz.
Juan Azpeitiak diseinaturiko oroigarria iazko saridunaren eskutik jasoko du Mariasun Landak, eta, besteak beste, Arantxa Urretabizkaia idazleak, Iñaki Aldekoa editoreak eta Antton Olariaga ilustratzaileak hartuko dute parte idazlearen ibilbide oparoaren erakusgarri izango den ekitaldian. Gainera, errezitaldia, musika eta ikus-entzunezkoak eskainiko dizkiogu sariaren irabazleari.
Ospakizuna ondo amaitzeko, mokadu goxo bat izango da.
Zorionak, Mariasun!
Erantzunak kargatzen...