Teknologia albisteak

"Ahoa bete hots" jardunaldiak Mintzolan

Erabiltzailearen aurpegia
Ahotsak.com
2011-11-09 : 09:11

Mintzola Fundazioaren zentroan, Villabonan, ahozkotasunarekin lotutako jardunaldiak egin berri dituzte. Ahoa bete hots, azaroaren 2tik 4ra. Ahozkoaren eta idatziaren arteko harremana izan da aztergai, eta Ahotsak-eko kideak ere bertan izan gara. Hona hemen laburpen txiki bat.

Mintzola Fundazioak jardunaldi interesgarriak antolatu zituen joan zen astean: Ahoa bete hots. Ahozkoaren eta idatziaren arteko harremana aztertu zuten, hainbat esparru abiapuntu moduan hartuta: lehen egunean antzerkia eta jendaurreko jarduna, bigarrenean bertsoa eta kantua, eta azken egunean kontatzeko modua. Hainbat adituk parte hartu zuten jardunaldietan. Zazpi hitzaldiz gainera, saio praktikoak ere antolatu zituzten egunero: antzerkia, bertsoak eta ipuinak.

Ahozkoa eta idatzia bi kultura dira. Zergatik? Ahozkoa aintzat hartua al da? Idatzizkoa oztopo ala lagun da ahozkoarentzat? Nolakoa behar du izan telebistako eta irratietako euskarak? Nola bihurtu ahozko jardun paperean idatzitakoa? Zein dira entzuleengana iristeko giltzak? Hainbat gogoeta bide zabaltzeko aukera eman zuten jardunaldiek. Eta hantxe egon ginen, adi-adi.

Guretako bereziki interesgarria izan zen Ahozkotasuna Hezkuntzan lantzeko aztertu ziren bide eta proposamenak. Izan ere, Ahotsak-en ere eman ditugu lehenengo urratsak alderdi horretan (Eibar aldean, berriki, eta Leintz aldean lehenago).

Horrez gainera, beste guztiak ere oso interesgarriak izan ziren, pare bat azpimarratzearren, gure ikuspuntutik, Leire Diaz de Guereñurena eta Joxerra Gartziarena.

Jardunaldietako hitzaldien laburpenak Mintzolaren webgunean bertan daude.

Azaroak 2 - Antzerkia eta interpretazioa

Saio praktikoa: Arra. Arraroa antzezlana. (Oier Guillan eta Iñigo Ortega)

Azaroak 3 - Bertsoa eta kantuak

Saio praktikoa: bertsoak (Uxue Alberdi eta Iker Zubeldia)

Azaroak 4 -  Ipuina

Saio praktikoa: Ipuin kontalariak (Bea Egizabal / Joxemari Carrere)

Oharra: Artikulu hau Ahotsak.com webgunean argitaratu da eta hona ekarri dugu CC-by-sa lizentziari esker.

Erantzun

Twitter ikonoa  Facebook ikonoa  Sartu