Xabier Euzkitzek joan den astean gogoratu zuen, Gaurko Hitzaren jaian, ohildu hitza aukeratzean, Matalazen exekuzioaren 350. urteurrena dela gaur. Zuberoako nobleen kontrako udako matxinada zuzendu ondoren, Sohütako guduan laborariek galdu ondoren, preso hartu zuten Bernard Goienetxe Matalaz, eta 1661ko azaroaren 8an moztu zioten lepoa Lextarreko plazan.
Ondorengo pasarteak, Wikipediakoak dira:
***
Mithikile bere herriko erretorea zelarik ekin zion nobleen aurkako borrokari, 1661eko ekainean. Errege borboitarrak neurri gero eta zentralistagoak ari ziren ezartzen: Zuberoako foruari zegozkion eskubideak murrizteaz gainera (Herriak zuzenean aukeraturiko ordezkariek aginterik ez izatea, gehiegizko zergak,...), herri-lurrak nobleen artean banatzeko joera zabaldu zen, benetako agindu baten modura, "lur-sailik ez jaunik gabe" printzipio feudalaren ildotik. Zuberoako Gorteetan, hirugarren estatuko ordezkariek egoera hori zuzentzeko egindako saioek huts eginik, Matalas apaiz gartsu eta hizlari trebeak hartu zuen laborariak neurri haien aurka gidatzeko ardura. Irabarneko Silviet edo hirugarren estatuko biltzarrean herriak zuzenean hautaturiko ordezkari gehienak aldeko zituen hasieratik. Elizako hierarkia, bestalde, aurkako izan zuen beti Matalasek.
1661eko ekainean hasi zen Matalasen matxinada. Nobleak eta Mauleko burgesia zituen etsai Matalasek, eta haien aurkako erasoa jo zuten bildutako laupabost mila lagunek. Sohütako etxe batzuk erre eta Mauleko hiria eta gaztelua setiatu zituzten matxinatuek. Zuberoako nobleek Bordeleko parlamentuko militarren laguntza eskatu zuten eta, bitartean, herri antolamenduko moldeak bermatzen saiatu zen Matalas, laborariek kontrolatzen zituzten herrietan.
Urriaren 12an gudukatu ziren Sohütan Matalasen laborariak, armarik gabe ia, eta Bordeletik bidalitako 100 zaldizko eta 400 oinezko gudari ongi armatuak, Calvo izeneko mertzenaria buru zelarik, Zuberoako nobleek lagunduta. Nobleek erabat menderatu zituzten laborariak. Ihes egitea lortu zuen Matalasek, baina Jentañeko dorretxean, Urdiñarbeko herritik hurbil, hartu zituzten preso Matalas eta bere laguntzaile hurkoak eta Mauleko gaztelura eraman.
Epaitu ondoren, urte bereko azaroaren 8an hil zituzten Matalas eta Roquehort Ibar Ezkerreko "degá" edo ordezkaria. Herio zigorra eman zuten harrapatu ez zituzten beste zortzi lagunentzat eta biziarteko galeretara kondenatu beste hiru, Matalasen iloba bat tarteko. Burua moztuta hil zuten Matalas Lextarreko plazan eta bolada batez ezarri zuten haren burua Mauleko sarreran, jende guztiaren erakusgarri. Bernard Goienetxek gidaturiko matxinadaren ondoren, nobleen agintea areagotu zen Zuberoan eta neurri handian ahuldu ziren Zuberoako antzinako herri-eskubideak.
***
Erretore zuberotarraren izena nola idatzi ere ez dakigu oraindik, nonbait. Wikipedian bertan agertzen zaigu Bernard Goienetxe eta Bernard Goihenetxe. Eta baita Matalaz zein Matalas.
Benito Lertxundik abestutako kanta ezagunaren hitzak dira Pierre Bordazaharre Etxahun-Iruri koblakariak 1955eko Matalaz pastoralerako idatziak.
Dolü gabe hiltzen niz,
bizia Xiberuarentako emaiten baitüt.
Agian, agian, egün batez
jeikiko dira egiazko xiberutarrak,
egiazko eskualdünak,
tirano arrotzen ohiltzeko.
Lertxundiren kantakeran, gehienoi geratu izan zaigu tirano arrotzen hiltzeko zela kantaren aldarria, eta ez da hori esanahia, baizik eta arrotzen egozteko, kanporatzeko, horixe esan nahi baitu Ohildu hitzak. Aditz batetik bestera badago esanahi-desberdintasunik eta uste dugu Euzkitzek horixe nabarmendu nahi izan zuela joan den asteko ekitaldi horretan.
Agian, agian, egün batez...