Sustatu logoa Teknologia albisteak

Uholdeak izanda ere, kirola nagusi Euskadi Irratian

Aitor Zalduegi
2011-11-06 21:11

Igande arratsaldean egoera zaila izan da Hernani, Astigarraga eta Martutene aldean. Gainera, nazional 1 errepidea moztuta egon da eta arazo franko izan da Gipuzkoako beste toki askotan. Hala ere, Euskadi Irratiak ez du horren berri eman pilota-partidua amaitu den arte.

Igandeko eurijasen ondorioz, arratsaldeko lauetarako Hernaniko Portu auzoa urpean geratu da, eta Hernanitik Osinaga bailararako bidea moztu da. Argi indarra joan-etorrian izan da Hernaniko zentroan, kronika hau idatzi den tokitik, behintzat. Ez da izan salbuespena Gipuzkoan. Inguruko herrietan Urumea ibaiak bera arrotik atera egin da. Eusko Trenek eten bat izan du Usurbil aldean, Antzuola eta Zumarragan ere arazoak ziren, Adunan Nazional 1 errepidea moztuta geratu da, eta beste hainbat arazo izan dira probintzian.

Larrialdi egoera bat sortu da. Trafikoari dagokionez, egoera ez zen erraza, eta emergentzi-zerbitzuek jendea etxeetatik ateratzen hasi behar izan dute toki batzuetan. Publikoak maiz informatuta egoteko beharra zuen.

Informazio hori askorentzat bide bakarra zuen: pilekin funtzionatzen duen irratia. Argi indarra galduta, ez zegoen telebistarik, ez Internetik. Autoetan zijoaztenak, beste hainbeste.

Egoera oso honen aurrean, Euskadi Irratiak ez du erreakzionatu. Kirola emititzen ari ziren. Errealaren partidua Vallecasen, Lagun Aroren saskibaloi partidua eta Irujo eta Barriolaren arteko pilota partiduaren berri izan du publikoak. Etengabeko emanaldia izan da, gutxienez, seiretatik zazpirak arte. Zazpiretan, dagoeneko egun argia joanda, pilota partidua bukatu da eta albisteen txanda iritsi da. Orduan jakin du Gipuzkoako jendeak zein zen egoera errepideetan.

Publikoak egoeraren berri ordu laurdenero izan beharrean, kirolak tarte bat egin arte itxoin behar izan du. Ordubete gutxienez, larrialdi egoera batean. Kirola berriz ere nagusi.

Kronika hau idazteko momentuan, arratsaldeko zortzirak hamar gutxitan (Hernaniko zentrora argi indarra itzulita dago), eta telebistan, RTVEko lehen kateko "Gente" programak Hernanin dagoen erreportero batekin egin du konexioa informazio labur bat emateko, eta ETBk ez du horrelakorik egin. ETB1ean kirolaren laburpena ematen ari zen eta ETB2an pelikula bat.

Hori izan da igande arratsaldeko egoeraren kronika auzoak urpean dituen herri batetik.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu