Teknologia albisteak

Abian da 25. Jokin Zaitegi sariketa Transtromer euskaratzeko

Erabiltzailearen aurpegia
Itxaro Artola (AED elkartea)
2011-11-12 : 12:11

Arrasateko AED Elkarteak eta Elkar argitaletxeak abiarazi dugu, Kutxa Fundazioaren laguntzarekin, Tomas Transtromer 2011ko Literaturako Nobel saridunaren poemen bilduma euskarara ekartzeko beka-deialdia. Aurtengoarekin 25 edizio dira, arrasatear idazlea gogoratzeko eta hark literatura unibertsala euskaratzen egindako ahaleginari jarraitzeko, Jokin Zaitegi sariketak bete dituenak.

Deialdiaren oinarriak eskura daude honezkero lotura honetan.

Bertan topatuko dute parte hartu nahi dutenek lagin gisa itzuli beharreko poema ere. Lau hizkuntzatan eskaini dugu berau: suedieraz, jakina, eta baita ingelesez, frantsesez eta gaztelaniaz ere. Izan ere, antolatzaileon gomendioa da egilearen jatorrizko hizkuntza menderatzen ez dutenek aipatu hizkuntzetako bi erabiltzea gutxienez zubi-hizkuntza bezala.

Hautagaiek abenduaren 31a baino lehen helarazi behar dizkigute euren laginak aed@aedelkartea.com helbidera.

Epaimahaia Luigi Anselmik, Santi Leonek eta Joseba Ossak osatuko dute aurtengoan eta 2012ko urtarrila amaitu aurretik jakinaraziko digute zein hautagai ikusten duten prestatuen 5.000 euroko beka bereganatu eta poeta suediarraren lana euskarara ekartzeko. Dena ondo bidean, Elkarrek urtebete barru emango du argitara itzulpena.

Bide batez, esan, laster ikusiko dugula kalean iazko bekari esker Santi Leonek ondu duen Pantaleon eta bisitariak ere.

Jokin Zaitegi sariketak beka-formula hartu zuenetik, literatura unibertsaleko hainbat harribitxi euskaraz gozatzeko parada izan dugu, AEDren eta Elkar argitaletxearen lankidetzari zor:

  • 2002 Imre Kertesz: Zoririk ez Itzultzailea: Urtzi Urrutikoetxea
  • 2003 J.M. Coetzee: Lotsaizuna Itzultzailea: Oskar Arana
  • 2004 Elfriede Jelinek Itzulpen saria hutsik utzi zen
  • 2005 Harold Pinter: Maitalea eta beste antzerki-lan batzuk Itzultzailea: Iñigo Errasti
  • 2006 Orhan Pamuk: Elurra Itzultzailea: Monika Etxebarria / Fernando Rey
  • 2007 Doris Lessing: Belarra kantari Itzultzailea Koro Navarro
  • 2008 J.M.G. Le Clezio: Basamortua Itzultzailea Luis Berrizbeitia
  • 2009 Herta Muller: Hatsaren kulunka Itzultzailea: Ibon Uribarri

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago