Teknologia albisteak

Elkargi eta Goizper, euskararen normalizazioko kasu aurreratuak

Erabiltzailearen aurpegia
Soziolinguistika Klusterra
2011-10-20 : 12:10

Soziolinguistika Klusterrak Euskararen Normalizazio Kasu Aurreratuen azken 2 aleak argitaratu ditu formatu digitalean: Elkargi eta Goizper.

Euskararen Normalizazio Kasu Aurreratuak proiektuaren helburu nagusia euskara planekin diharduten erakundeen esperientzia ezagutzera ematea da. Erakunde hauek lortutako arrakastaren gakoei buruz gogoeta suspertu eta euskararen normalizazioan baliagarriak diren ikuspegi eta praktikak hedatu nahi ditu Soziolinguistika Klusterrak enpresa, unibertsitate eta administrazio arloan. Kasuek, azken batean, ikasketa bultzatu nahi dute, esperientzia eta hausnarketaren bidez, eta horretarako aukera ematen digute Goizper eta Elkargi Kasuek:

Bi enpresa horiek urte askoz eraman dute aurrera euskara plana, abiapuntu eta helburu desberdinekin. Hasiera baten hizkuntza aholkularitzen laguntzarekin abiatu baziren ere, gerora beren kabuz kudeatu dute euskara plana, ezaugarri hori dute bereizgarri. Emaitza onak izan dituzte eta, horrenbestez, bi kasu arrakastatsu horien gakoak ezagutu nahi badituzu, jo ezazu Euskararen Normalizazio Kasu Aurreratuen biltegira eta hor aurkituko dituzu eskuragarri .pdf formatuan. Bilduma horretan aurkituko dituzu aurrez aztertutako Kasuak: Elay Taldea, Eika, IMH Makina Erremintaren Institutua, Bergarako Udala, Txingudi Ikastola eta Lizarra Ikastola.

Euskararen Normalizazio Kasu Aurreratuen proiektuak Mondragon Unibertsitateko Huhezi Fakultatearen, Innobasqueren eta Soziolinguistika Klusterraren arteko lankidetza du oinarri eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Euskadiko Kutxaren babesa jaso du. Goizper eta Elkargi Kasuak Oihana Lujanbiok idatzi ditu, Joxpi Irastortzaren zuzendaritzapean. Soziolinguistika Klusterrak esker ona adierazi nahi die lankide eta babesle horiei guztiei, baita Goizper eta Elkargi erakundeei eta Elhuyar Aholkularitza eta Emun Kooperatibari ere.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago