Teknologia albisteak

Moving Images produktora independente estatubatuarra MONDRAGON-en gaineko dokumentala egiten ari da

Erabiltzailearen aurpegia
Gorka Etxabe, Arteman Komunikazioa
2011-10-13 : 12:10

Gure mugetatik kanpo interes handia eragiten du MONDRAGON korporazioak. Otsailean Hego Koreako telebista publikoko taldea izan genuen gure artean erreportajea grabatzen, eta egunotan Ameriketako Estatu Batuetako Moving Images produktora independenteko hiru kazetari kooperatibak bisitatzen ari dira, izan ere, Arrasateko esperientzia kooperatiboaren gaineko dokumentala egingo dute. Ikus-entzunezkoa unibertsitate eta eskolatan eskaintzeko asmoa dute 2012ko udaberritik aurrera, eta litekeena da PBS (Public Broadcast Service) kate publikoak ere eskaintzea.

Marco Dworkin, Melissa Young eta Antonio Harrah Moving Images produktorako kideak dira, eta aldi berean Seattle-en dagoen irabazi asmorik gabeko erakunde bateko kideak. Orain 25 urte hasi ziren kazetaritza arloan, eta ordutik hona hamaika erreportaje eta dokumental egin dituzte, gehienetan gai sozialak jorratuz. Moving Images produktorak ekoiztutako lanak batez ere Ameriketako Estatu Batuetako PBS telebista publikoan eskaintzen dira, baina gainera, dokumentalek hedapena izaten dute unibertsitate eta eskoletan.

Hain zuzen ere, Melissak eta Marcok sari asko irabazi dituzte ikus-entzunezkoen arloko jaialdietan, eta administrazioak, ikastetxeek eta unibertsitateak askotan txalotu dituzte moving-ekoek eginiko lanak.

MONDRAGONen bisitari

Dokumentalaren helburua da kooperatibak aurkeztea EEBBetan, non sistema hau ez dagoen oso hedatuta. Krisiari aurre egiteko kooperatiba balizko sistema dela erakutsi nahi dute. Eta horretarako, MONDRAGONen grabazioak egin aurretik, Arizmendi Association kooperatiban izan dira, Kaliforniako okindegi sarean. Era berean elkarrizketak eta irudiak grabatu zituzten Evergreen Cooperatives-en, Ohion; Isthmus Engineering and Manufarcturing-en, Wisconsin-en, New York-en 1985ean sortutako Cooperative Home Care Associates-en, eta Massachussets-en Equal Exchange-n, bidezko merkataritzan diharduen kooperatiba batean.

Azken egunotan, berriz, MONDRAGONeko kooperatibak bisitatzen ari dira, eta besteak beste; Zentro Korporatiboan, Otalorako Formazio Zentroan, Euskadiko Kutxan, Lagun Aron, Orbean, Fagor Etxetresna Elektrikoetan, Ikerlanen, Mondragon Unibertsitatean, Danobat-en, Ulman, Loramendin, Eroskin, Alecop-en… eta beste hainbat lekutan izan dira. Era berean, kooperatibetako bazkide eta batzorde zein zuzendaritzako kideak elkarrizketatu dituzte.

Udaberrian estreinatuko da dokumentala

Gure kooperatibetan eta Ameriketako Estatu Batuetan grabatutako irudi guztiekin 56 minutuko dokumental bat osatuko dute, eta 2012ko udaberritik aurrera aurkeztuko dute zenbait jaialditan eta beste zenbait lehiaketatan. Era berean, 2012an Kooperatiben Nazioarteko urtean PBS kateak ere eskainiko du.

Arteman Komunikazioan

Moving Images ekoizpen etxeko taldea Arteman Komunikazioa kooperatiba elkartean izan da bisitari, izan ere, Artemanek zerbitzua eskaintzen dio MONDRAGON Korporazioari komunikazioaren arloan, eta ipar amerikako estatubatuarrek aukera izan dute hainbat irudi ikusi eta hartzeko Artemanek kooperatiben irudien gainean dituen artxiboetatik.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago