Teknologia albisteak
10

Zirkuluaren laukitasunaren bila

Erabiltzailearen aurpegia
Iker Aranberri Sarasua (@barnetx)
2011-10-11 : 09:10

Aizue, ikusita al daukazue Jim Carrey aktorearen The number 23 filma? Carrey 23 zenbakiarekin obsesionatuta dago filman, uste duelako bere inguruan bizi dituen gertakari guztiak nolabait 23 zenbakiarekin, 23 zenbakiaren permutazioren batekin edo 23 zenbakiarekin zerikusia duen edozerrekin erlazionaturik daudela. 23 zenbakia atzetik duela uste duenez, edonon ikusten du zifra hori. Ba tira, niri gauza bera gertatzen zait, baina zifra edo zenbaki batekin izan ordez, irudi edo forma batekin gertatzen zait.

Nik dakidala ez dauka izenik forma geometriko horrek, izan ere beste bi irudiren nahasketa da, hots, zirkuluarena eta laukiarena. Hau da, nire inguruan edonon ikusten dudan irudia, bere zirkunferentziako zati batean lauki baten erpin bat txertatuta daukan zirkulua da, eta dagoeneko agobiatzen hasia naiz, norbait mezu ezkutu bat igorri nahian balego bezala sentitzen bainaiz… Ez dakit nire obsesioa den ala enpresa, erakunde edo konpainietako irudi korporatiboa egiteko ardura duten diseinatzaileen sormen faltak eragindako txantxa maltzurra den. Baina has gaitezen adibideekin.

Lehen logoak, egunotan asko entzuten den Apple markarekin zerikusia du. Ez da Cupertinoko enpresaren logoa, Apple produktuei buruz hitz egiten duen Applesfera webgunearena baizik.

Ikusten duzue logo txukuna dutela, Apple-ren sagartxo famatuaren nolabaiteko berrinterpretazioa esango genuke, lauki baten erpinetako bat borobil baten zirkunferentzia zati batean txertatuz egina. Zirkuluaren laukitasuna, esango genuke. Logoa gehiago edo gutxiago gustatuko zaigu, baina gauza bat argi dago: ez dutela burua larregi nekatu logoa garatzeko, ez baita oso originala. Ikus bestela beste adibide hauek.

Bigarren adibidea gertuagokoa dugu. ETB3 telebista kateko logoa da. Tira, piztu telebista eta jarri ETB3, hortxe duzue, goiko eskuin txokoan. Ez daukazue telebista eskura? Beno ba, hona hemen logoa.

Ez esan ez duela Applesferaren logoaren antza… Honek ere laukiaren erpinetako bat zirkulu batean dauka txertatua. Oraingoan ordea, anguloa ezberdina da (Applesferak beheko eskuin aldean dauka laukiaren erpina, eta ETB3koak berriz ezker goikaldean).

Ikus dezagun beste adibide bat.

Honakoa Enlace komunikazio agentziarena da. Bazkide euskaldunak eta katalanak dituen agentzia honek iaz ekin zion ibilbide profesionalari, eta nire lagun on bat da sortzaileetako bat. Ez dut uste axolako zaionik beren logotipoa artikulo honetara ekarri izana, logoa erakutsi zidanean esan bainion oso antzekoak ikusi izan ditudala. Tira, honek ere lauki baten erpina zirkulu batean txertatua, baina beste behin ere, angulo ezberdin batean. Oraingoan beheko ezkerrekoan.

Lauki baten lau erpinetako hiru landu ditugu. Falta zaiguna goiko eskuinekoa da. Ba, ara, hori ere aurkitu dut. Hona hemen.

Etxean dugun krema baten potean ikusi dut. Egia da ez dela produktuaren logoa, baina bada bere pakete eta poteetan behin eta berriro darabilten irudia. Oraingoak, esan bezala, lauki baten erpin bat zirkulu batean txertatuta dauka, goiko eskuin aldean. Laukiaren lau erpinak ikusi ditugu beraz. Baina ez dira aurkitu ditudan adibide bakarrak. Hona hemen Zarauzko kale batean ikusi dudan kartela. Diseinu enpresa batena dela uste dut, baina beren webgunea ez dabil. Zirkuluaren laukitasuna behin, bitan, baita hirutan ere.

Jarraian datorren hau berriz, Zarauzko arropa denda batean aurkitu dut. Ez da logotipo bat, baizik eta arropa marka batek, kasu honetan inoui markak, darabilen etiketetako bat, bere arropen prezioentzat.

Beste adibide bat Día superkerkatuen telebistako iragarkian aurkitu dut. Goragoko adibidean bezala, Díaren kasuan ere irudi hau ez da beren logoa, baina iragarkian zehar askotan irteten den irudia da. Lastima, baina ez dut azken honen adibiderik aurkitu hemen zuei erakusteko, baina zin dagizuet telebistako anuntzioan irudi hau ageri dela. Beste adibiderik baduzue, posteatu lasai!

Erantzunak

haritz rodriguez
2011-10-11 : 11:26

Artikulua irakurrita beste bi adibide etorri zaizkit gogora.


Erpin 360 edo Vértice 360 ekoiztetxea batetik.


Erpin 360


Eta Nirudia web zerbitzua bestetik.


Nirudia


Zirkulauki
2011-10-11 : 18:09

Eta ETBko "Arratsaldero" programa ere bai!

Sustatu
2011-10-11 : 19:03

Bai, arrazoi du Zirkulaukik. Horra Arratsaldero-ren logoa, Estitxu Fernandez eta Oihan Vega ondoan direla:



Argazkiak.org | Arratsaldero, ETB1 © cc-by-sa: sustatu


@barnetx
2011-10-13 : 12:08

Uste baino forma arruntagoa da beraz...

Bide batez, 'zirkulauki' hitza gustatu zait forma horrentzat ;-)

@imbeizama
2011-10-14 : 00:09

Inguratuta gaude!


Intereconomía:



Gestiona radio:



Eta, beste bertsio batean, Erlo Telebista:



@barnetx
2011-10-14 : 14:27

Inbasioa!!!! ;-)

Moda kontua izango ala forma hori diseinatzeak nolabaiteko plazerra emango ote du? Papera eta bioligrafoa hartzera noa eta irudi hori marraztuko dut, ea zer sentitzen dudan... Artederretako lagun bati doktorautza irudi horren inguruan egiteko proposatzera noa...

Eskerrik asko bide batez, ekarpenak egiten ari zareten guztioi! Ziur askoz gehiago ere irtetzen direla agerira!

haritz rodriguez
2011-10-14 : 16:19

Beste kasu honetan, zirkulaukiak ez du maila berbereko garrantzia, baina bada izaera korporatiboaren parte.

Factoria Crossmediaren logoz ari naiz (besteak beste Nickdutnik ekoizten duen etxearena).

Factoría Crossmedia

@barnetx
2011-10-16 : 12:51

Arrazoi... eta gainera kasu honetan, Applesferaren logoaren igual-iguala da, sagartxoaren hostoa izan ezik... bitxia...

M.K.
2011-10-16 : 14:53

Oiartzungo Pagoa diskotekaren logoa, eta A hizkia ere:



@barnetx
2011-10-22 : 16:30

Beste adibide bat. Visual Grafik enpresaren logoa.



Pasai Antxon dute egoitza.


Erantzun

Sartu