Iragan asteburuan Euskal Herriko I. Auzolan Topaketak egin dira Usurbilen. Bertzelako gizarte eredu baten aldeko lana indarberritu eta ildo hortan ekimen berriak bideratzeko eta sustatzeko asmoz, Auzolan ekimenak antolatutako lehendabiziko jarduera izan da. Hiru egunetan, funtsezko hainbat gairi buruzko solasaldiak, gizarteko arloak gaika jorratu diren lantaldeak eta Auzolanaren Kultura liburuaren aurkezpena egin dira. Euskal Herriko 72 herritatik etorritako parte hartzaileak bildu dira Usurbilen. Hemen eskaintzen duguna topaketei buruzko lehendabiziko balorazio bat da.
Auzolan topaketara bilduak, bazkarian. Argazkia: Gorka Julio, Teketen
Gure herri-izaeran, gure kultura-sustraietan, dauden berezko sistemak eta antolakuntzak aztertu dira, hala nola Auzolana eta Batzarrea instituzioak, eta gaur egungo gizartearen azterketa zorrotz batetik abiatuta, instituzio historiko horiek zein aukera eskaintzen dizkiguten eztabaidatu da.
Banaz bertze, 70 bat lagunek parte hartu dute, baina larunbateko lantaldeetan 200 lagun ere elkartu ziren. Horietan, gazteak nahiz helduagoak, hainbat arlotan lanean ari diren eragileak zein orain ekiteko gogoz dauden herritarrak ere izan ziren. Eta antolakuntzatik honakoa nabarmentzen dute: Euskal Herriko topaketak izan direla, eta gutitan gertatzen den moduan, lortu dela Pirinioez bi aldetakoak eta eremu atlantiarrekoak zein eremu mediterranearrekoak elkartzea. Izan ere, Lapurditik etorritik dira, eta baita Tuteratik, Zangotzaldetik edo Agoitzetik ere, Gasteiztik, Bilbotik, Gernikatik, Azpeititik, Goierritik eta bertze hainbat lekutatik.
Topaketa hauetan, izenak dioen moduan, Euskal Herrian lanean ari diren eragileen eta abian diren ekimenen elkar-topatze eta elkar-ezagutze gune bat sortu nahi izan da. Izan ere, Auzolan ekimenean biltzen diren ideiak iada indarrean diren hamaika dinamiketan antzematen dira, baina guztien ekarpenak, bizipenak eta ezagutzak jaso ahal izateko topagune bat eratu nahi da. Hori da Auzolan ekimenaren helburuetako bat.
Hala, gizartearen ikuspegi orokor bat aintzat hartzen duten Deshazkundea mugimenduko kideak eta Debagoiena eskualdean ari diren Bagara egitasmokoak izan ziren gure artean, eta baita arlo jakinetan ari diren talde eta eragileak ere: Kontseilukoak, Basherri taldeetakoak, Bizi-Toki eskolakoak, tokiko txanponak sortzekotan dabiltzan Bizi! mugimendukoak, Zero Zabor-ekoak, 15-M mugimendukoak...
Horrekin batean, hainbat gairi buruzko zabalkundea egin nahi izan da. Egungo gizarte ereduaren azterketa zorrotza beharrezkoa zaigulako non gauden eta nora jo nahi dugun erabaki ahal izateko. Ortziral arratsaldean Joseba Azkarraga LANKI-ko kidearen ahotik ezagutu ahal izan zen egungo egoeran ikuspegi osoa, ekonomia-krisiaz haratago gizartearen eta ingurumenaren krisia ere badela.
Azkarraga zorrotz mintzatu zen gure gizartearen azterketan: Norabidea aldatu ezean, bizitzaren arlo guztietan eragina izanen duen kolapso baterantz goazela ohartarazi zuen. Horri erantzuteko, tokian tokiko ekimenak abiaraztea eta horretarako gure sustrai historikoetan bilatu behar dugula adierazi zuen. Horregatik, positibotzat jo zuen helburu horiek dituen Auzolan ekimena sortu izana.
Azkarragaren ondotik, Antxon Mendizabal EHUko ekonomia irakasleak Herri Garapenari buruzko bere azterketa aurkeztu zuen. Azkarragaren analisia bere ekarpenekin osatuz, Euskal Herriko jatorrizko gizarte-antolakuntza gogoratu zuen, herri-ondasunak oinarri zirela azpimarratuz. Horregatik, bere proposamena egungo jabetza pribatuaren eredutik ondasunak kolektiboak izanen diren bertzelako sistema bateranzko eraldaketa da, horretarako neurri zehatzak aurkeztu zituelarik. Eraldaketa horretan eta gizarte berria eratzerakoan, herritarrek protagonista izan behar dutela nabarmendu zuen.
Azkenik, Gorka Pinillos barañaindarrak berak parte hartzen duen Cooperativa Integral Catalanaren esperientzia ezagutarazi zuen. Bi orduko azalpen sakonean, ekimen horrek bi urteko epe laburrean erdietsitako lorpenen berri eman zuen. Bertzeak bertze, tokiko txanponen erabileraren zabalkundea, elikadura-horniduran hein handi bateko buruaskitasuna eta osasun-zerbitzu publiko eta alternatibo baten eratzea azaldu zituen. Kooperatiba Integrala eratzearen formula Euskal Herrira ekartzeko proposamena eginez amaitu zuen bere solasaldia.
Larunbata goizean, gaikako lantaldeak egin ziren. Horien helburua, gai bakoitzean lanean ari direnen elkar ezagutzea izan zen, baina baita elkarrekin ildo berriak abiatzekoa ere. Arlo bakoitzean dauden beharrak zeintzuk diren zehaztu eta horietan ekiteko herritarrek zein borondate duten antzemateko baliagarriak izan ziren. Lantalde bakoitzak bere erritmoa izan zuenez, bakoitzean ateratako ondorioak ere ezberdinak izan ziren, baina azpimarratzekoa da horietako gehienetan aurrera begira lanean aritzeko eta topagunean elkartzeko borondatea agertu zela.
Bat aipatzearren, Kultura lantaldean Mari Karmen Basterretxeak Euskal kultura eta Auzolana bere ikerketaren ildo nagusiak azaldu dituela azal dezakegu: Jatorrizko euskal gizartean indarrean izandako balioak begirunea, elkartasuna eta zuzentasuna direla eta gizarte-eredu hortan emakumeak kultura-transmititzaile gisa izan duen garrantzia aurkeztu zituen Antropologian aditua den egile honek. Bere hitzetan, egungo gizartearentzat eredu berri bat sortzekotan, berebizikoa da gure kultura ezagutzea, eta hori egiteko argia eskaintzen digu Basterretxeak. Izan ere, gure herriko plazetan egiten diren dantzak, iñauteriak edo txalaparta-jotzeak zentzu handiko errituak dira, baina horien zentzuaz ohartu ezean, inertziaz egiten den ikuskizun hutsal bilakatzen dira. Halaber, gure bizimoduak antolatzerakoan edo gure inguruarekin harremanak eratzerakoan, balioek bideratzen dute gure jokamoldea: Taldean aritzea, elkartasuna eta berdintasuna ahalbidetuz, edo lehia batean aritzea, norgehiagokara eta bakardadera joz. Eta horrela bizitzako eta gizarteko arlo guztietan.
Larunbat arratsaldean ekonomia eredu alternatiboei buruzko batzarra egin zen, Gorka Pinillos-en azalpenetatik abiatuta. Berak Catalunyako esperientzian jorratzen ari diren jarduerak azaldu zituen, eta Euskal Herrian zer egin daitekeen eztabaidatu zen.
Jarraian Tokiko Batzarrak izan ziren mintzagai, Patxi Azparrenen ahotik ezagutu ahal izan genuen Lizargorri. Ezker Soberanista Eraikitzen taldearen planteamendutik abiatuta. Begirada historikoan, Euskal Herrian Batzarra erakundea zer izan den aztertu zen, eta behin hori eginda, egun herritarrek dagozkien kontu guztietan erabaki eta parte hartu ahal izateko egiturek nolakoak izan beharko luketen eztabaidatu zen. Esperientzia pilotu gisa Euskal Herriko bi herritan Batzarra abian jartzeko proposamena egin zuten talde hortako kideek. Unean bertan entzulegoak erantzunik eman ez bazuen ere, aurrera begira aintzat hartzeko proposamena dela erran behar dugu.
Batzarraren gaiaz mintzatu zitzaigun, halaber, horretarako topaketetara gonbidatua izan zen Felix Rodrigo Mora egilea ere. Madrilen bizi den gaztelar honek bere bizitza gehiena darama garai batean Iberiar Penintsula osoan oinarrizko antolakuntza zen Batzarra edo Kontzeju irekia ikertzen, eta lan horretan aritu diren egile bakarretakoa dela azpimarratu behar dugu. Historia aztertu duten egileek herritarren oinarrizko antolakuntza hau inoratu edo espreski ezkutatu egin dutela salatzen du berak, eta beraz, ikerketaren premiaz ohartarazi.
Izan ere, egile hau zorrotza da egungo gizarte ereduarekiko, eta Azkarragak egin moduan, berak ere hurrengo urteetan sistemaren gainbehera kaotikoa aurreikusten du. Horregatik, herritarrek berehala euren burua antolatzen hasteko beharra antzematen du, eta horretarako berebizikoa dela historikoki armonian eta bizikidetzan oinarrituz bizitzea ahalbidetu duen Batzarra erakundea aztertu eta ezagutzea. Hemen nabarmendu nahi dugu egile honen mintzaldiak parte hartzaileengan sortu zuen zirrara berezia, eta gehien-gehienak txundituta eta eskerminez atera zirela aretotik.
Igande goizean, aurreko egunetik Usurbilen zeuden parte hartzaileak Sutegi Kultur Etxearen atarian bildu ziren, eta borobilean jarrita egindako batzarrean eman zuten goiza. Topaketen balorazioa, aurrera begira landu beharreko ildoen zehaztea, Auzolan ekimena dinamizatuko duen taldea osatzeko proposamena eta bertze hainbat jorratu ziren. Ildoak finkatu eta ekimena dinamizatzeko bilkura egitea adostu eta hurrengo hitzordua urriaren 16rako jarri zen: Usurbilgo Artzabal eraikinean izanen da, 16.00etan. Irekia izanen da, eta ekimenekoekin harremanetan jarri nahi izanez gero, auzolan@riseup.net edo auzolan.info@gmail.com helbideetara idatzi behar da.
Aurreikusita zegoen moduan, tartean Auzolanaren Kultura liburua aurkezteko baliatu zen batzar hori.
Auzolan ekimenak Txalaparta argitaletxearekin karrikaratutako lana da, eta ekimenaren helburu nagusietako bati jarraiki, liburu honekin gure herriaren sustraietan dauden Auzolanari eta Batzarrari buruzko ezagutza zabaltzea espero dute. Ez da datuen bilketa sakon batekin egindako ikerketa, baina zertzelada batzuk emanez horien ezagutzara hurbiltzeko aukera ematen duela uste dute. Halaber, izandakoaren arrastoak eta gure gizartean Auzolan eraberrituak zein modutan antzematen ditugun ikustarazi nahi izan dute, horretarako auzolanaren filosofiari jarraiki indarrean dauden orotariko ekimenak aurkezten direlarik. Auzolanaren kultura bat egon badagoela ikusten dute, baina beharrezkoa dela hori hobe ezagutzea, aintzat hartzea, eta egungo erronkei erantzuteko berebizikoa izan daitekeela ohartaraztea.
Hurrengo asteetan eta hilabeteetan liburuaren aurkezpena herriz-herri eta auzoz-auzo egiteko asmoa dute. Horregatik, interesa duen orok www.auzolan.info gunearen bidez eskaera egiteko aukera duela jakinarazi dute. Aurkezpenean Auzolan ekimena ere azalduko litzateke, eta tokiko herritarrekin eta eragileekin harremanetan jartzeko aukeratzat ulertzen dute.
Auzolan ekimenaren bertze helburu bat ikuspegi integral batetik abiatutako tokian tokiko dinamikak sustatzea izanik, liburuaren aurkezpena hortan hasteko aukera izanen da. Auzolanean bezala, herritarrak elkartu eta euren bizimodua, ingurua eta etorkizuna ber-eratzen hasteko deia egiten dute. Diotenez, historikoki hala egin dugulako iritsi gara euskaldunok XXI. mende honetara, eta aitzinera ere segitu nahi badugu, hala egin beharko dugula uste dute.
Hiru egun intentso hauek utzi diguten aho-zaporea zinez eztia da. Kritika egiterakoan, antolaketa aldetik somatu diren gabezien artean nabarmendu da lantalde bakoitzari eskainitako denbora tartea motza izan dela nabaritu dute. Horrekin batean, lantaldeen helburuak ez direla aldez aurretik behar bezala zehaztu, eta beraz, norabidea agian ez zegoela argiegi jakinarazi diete, horrek erabat baldintzatu baitu lantaldearen jarduera.
Hala ere, zailtasunak zailtasun, hainbat lantaldetan aitzinera begirako ildoak zehaztuta atera ziren parte hartzaileak, eta gehienetan (denetan ez bada), topaketetan hasitakoari jarraipena emateko borondatea eta gogoa agertu zirela azpimarratu beharra dago. Horrekin bakarrik topaketen helburu nagusia bete dela uste dute: Elkar ezagutzea, gogoak eta indarrak zeintzuk diren baloratzea, eta noski, aitzinera begira eman beharreko urratsak zehaztea.
Topaketetan jorratutako edukiek harrera ona izan dute, guztiek ere. Lantaldeez gainera, gai orokorrei buruzko solasaldiak interesgarriak eta gozagarriak izan direla jakinarazi diete parte hartzaileek.
Antolaketari dagokionez, biziki eskertzen dute Usurbilgo herritarrek azpiegituren ardura euren gain hartu izana, eta dena hain ongi joatearen eragile arduradun horiek izan omen dira, ezbairik gabe. Hala ere, hemendik aitzinera egiazko prozesu auto-eratu bat indarrean jartzekotan, topaketetako parte hartzaileek antolaketaren ardura euren gain hartzea beharrezkoa dela ohartu dira. Auzolanari buruz mintzo badira, auzolanean ari beharko dutela.
Auzolan ekimenetik eskerrak eman dizkiete parte-hartzaile eta antolaketan aritu diren guztiei: Usurbilgo herritarrei, buru-belarri aritu direlako solasaldietarako, lotarako eta jateko guneak antolatzen, horietan beharrezko zerbitzuak eskaintzen eta une bakoitzean agertutako beharrak erantzuten; eta parte-hartzaileei berriz, topaketa hauetan sinetsi eta Usurbilera etortzeko egindako ahaleginarengatik.
Larunbateko saioetan egon nintzen, eta benetan interesgarria izan zela topaketa hau. Eskerrik asko antolatzaileei, baita laburpen hau Sustatura bidaltzeagatik.
Atzo eta gaur beste jardunaldi batean nago sartuta, eta atzo entzundakoak izan ziren, neurri batean, Auzolanen hausnartutakoak, baina guru espainolak urrutitik ekarri barik horiek kontatzeko... Txalo bero bat Auzolanekoei, beraz.
Dena den, bidali diguten laburpen honetan lantalde desberdinetan bat azpimarratzen da, Kultura goiburuarekin Mari Karmen Basterretxeak emandakoa. Ez nago ados interesekoa izan zenik: niri WTF bat iruditu zitzaidan, halako Arkadia zahar matriarkal ez-dakit-zer bat erreibindikatzen, Mari jainkosa, Amalur kontzeptua eta beste sorginkeria batzuk tarteko... Lantaldearen erdia hartu zuen Basterretxeak, eta gero Gotzon Barandiaranek beste ildo batetik segitu zuen, interes gehiagorekin baina laburregi, tamalez. Beste lantalde batean ere egon nintzen, hacktibismoarena, eta hura interesgarriagoa iruditu zitzaidan, duda barik, Basterretxearena.
Bestalde, bi lagunek, Imanol Epeldek eta Naroa Elortzak,
beren laburpen propioa ere argitaratu dute lehenaren blogean. Nik entzuterik izan ez nuen hitzaldi bat, Joseba Azkarraga ikertzailearena, interesgarria izan ei zen, eta hartan hartu zituzten oharrak irakurtzeko gomendatzen dizuet.
Batzarrak historian eta egun. Batzarrak eta Auzolana.
Lizargorri gizarte mugimenduko Patxi Azparrenek jorratutako gairen Power Point aurkezpena SlideShare bertsioan ikus dezakezue.