Azken egunotako kinielak bete egin dira eta Tomas Tranströmer poeta suediarrak jasoko du 2011. urteko Literatura Nobel saria. Stockholmen jaio zen 1931. urtean eta gaur egungo poetarik ezagunenetakoa da.
Suediako Literatura Akademiak duela minutu batzuk jakinarazi du 2011. urteko Literatura Nobel sariduna. Tomas Gösta Tranströmer (Stokholm, 1931) poeta suediarra da irabazlea, aurreko urteetan ere hautagaien artean izan dena, eta txalo artean jakinarazi da akademia suediarraren erabakia.
Tranströmer psikologoa da. Oso gazte hasi zen idazten eta 24 urte zituela argitaratu zuen bere lehenengo poesia-bilduma. Tradizioari muzin egiteagatik kritikak jaso zituen 70-80 hamarkadetan, baina azken urteotan mundu mailan eragin handiena duten idazleen artean aipatzen da beti. Bere poesiak ukitu modernista eta espresionista dauka, baita surrealista ere, tarteka, baina betiere eguneroko bizimodutik eta natur irudietatik hurbil.
1990an hemiplegia bat jasan zuen eta arazoak ditu hitz egiteko. Ez, ordea, idazten jarraitzeko.
Nobela jaso aurretik, nazioarteko hainbat eta hainbat sari ere jaso ditu, bere lanaren garrantziaren erakusgarri (Bonnier, Neustadt, Oevralids, Petrach, eta abar). Bere poesia 50 hizkuntzatara itzuli da eta bere lanik gehienak 2010. urtean argitaratutako bilduma batean irakur daiztezke, gaztelaniaz El cielo a medio hacer izenburuarekin kaleratutako liburuan.
Wislawa Szymborska poloniarrak 1996an irabazi zuenetik, hauxe da Nobela jasoko duen lehenengo poeta. Akademiak azpimarratu duenaren arabera, Tranströmerrek ondo merezi du saria "because, through his condensed, transluscent images, he gives us fresh access to reality".
Literatur Nobeletako sarietan izen-dantza itzela izaten da urtero, nork irabaziko ote duen, aukera gehien zeintzuk izan ditzaketen... Aurtengo kinieletan ere antzera gertatu da eta hainbat izen aipatu izan dira, besteak beste Haruki Murakami japoniarra, Amos Oz israeldarra, Adonis poeta siriarra, edo Thomas Pynchon estatubatuarra. Azken orduetan, ezustean, Bob Dylan ere buruan sartu da apustu-etxeetan. Hala ere, gutxi gorabehera iazko izen berberak errepikatu dira kinieletan. Tranströmer bera ere hautagai nagusien artean zegoen (baita iaz ere) eta irabazle suertatu da azkenean.
Aurtengoan, beraz, ez da ezustekorik izan eta, behingoz, kinielak bete egin dira. Izan ere, sorpresak sarri gertatu izan dira Nobel sarietan. Iaz bertan, Mario Vargas Llosak jaso zuenean edo, are gehiago, 2009. eta 2000. urteetan, mundu mailan nahiko ezezagunak ziren Herta Müller errumaniarrak eta Gao Xingjian txinatarrak irabazi zutenean.
Sari gabe geratu dira, aldiz, historian zehar, hainbat idazle handi. Esate baterako, Marcel Proust, James Joyce, Vladimir Nabokov, Liev Tolstói, Emile Zola edo Henrik Ibsen.
Beste zenbait datu Literatura Nobel Sarien inguruan:
Euskaraz zer edo zer argitaratu zioten The Balde aldizkarian. Nik hemen aurkitu dut erreferentzia.