Teknologia albisteak

"Amantalen ahotsa" ikuskizuna: gerra zibila emakumeen begiradapean

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2011-10-04 : 12:10

Datorren ostiralean, urriaren 7an, ikuskizun berria ikusi ahalko dugu Donostiako Victoria Eugenia antzokian, Amantala Elkarteak antolatutako "Amantalen ahotsa". Hainbat disziplina artistiko bilduko dituen ikuskizuna (musika, dantza, bertsoa, antzerkia, kontakizuna...). Antolatzaileen esanetan, entretenigarria eta bizia, orain hunkigarria orain umoretsua, ikusleari bidaia polita proposatuko diona: gerra garaia eta gerra ostea nolakoa izan zen ezagutzea, dena ere emakumeen begiradapean.

Aurtengo uztailean 75 urte bete dira gerra hasi zela, eta, mugarri hori baliatuta, urte haietako historia kontatu nahi izan du Amantala Elkarteak. Emakumeen begietatik egingo dute, gainera, haien bizipenetan oinarrituta. Ikuskizunaren bizkar-hezurra adineko emakumeen testigantzak izango dira, azken urteotan www.ahotsak.com proiekturako jaso diren bideo-pasarteak. Eta emakumeen ahotsa gidari dela, musika, dantza, bertsoa eta antzerkia ere bilduko dira ikuskizunera, Agurtzane Intxaurragaren zuzendaritzapean.

Esan bezala, ikuskizunaren bizkarrezurra eta gidaria Euskal Herriko Ahotsak, Ahotsak.com egitasmorako egindako elkarrizketak izan dira. Guztira 40 emakume ingururen pasarteak aukeratu dira, hainbat herri eta eskualdetakoak, kontakizun, bizipen eta ikuspegi ezberdina emango dutenak. Gerra zibilean izandako une latzekin batera, gerra osteko giroarekin lotutakoak ere kontatuko dituzte: eskola, lana, ezkontza, elizaren indarra...

Bertsoek, zuzeneko musikak, kantuek, antzezkiak eta dantzak borobilduko dute saioa; haiek ere narratzaile lana egingo dute, nork bere erara eta bere baliabide artistikoekin. Amantala elkarteko Idoia Etxeberriak aurkezpen egunean esan zuen bezala, "gure gustuko artistak elkartu ditugu, ikuskizuneko mezuarekin eta giroarekin bat zetozenak. Bakoitzak bere erara, bere baliabide artistikoekin, gure amonek emandako sokari helduko diote. Horrela aberasgarriagoa eta politagoa dela uste dugu. Transmisioa oso inportantea da guretzat, eta etxeko sukaldetik antzokira eramango dugu hori. Artista batzuk aski ezagunak dira (Maialen Lujanbio, Amaia Zubiria...), beste batzuek ez hainbeste, eta euren buruak ezagutarazteko abagunea izango da hau, talentu berriak bistaratzekoa."

Gerra sasoiko pasadizoak batez ere gizonezkoek kontatu dituzte orain arte, borrokan parte hartu zutenek. Bitartean, emakumea familiaren euskarria izan zen; hala ere, haren minak eta ahaleginak ezkutuan geratu ziren sarri askotan. "Ikuskizuna ez zen sortu aldarri feministarik egiteko, baina bai emakumearen lana eta bizimodua ezagutarazteko. Gerran gertatu zena gizonen kontua dela dirudi, haiek egon zirelako frontean. Baina biztanleen erdia emakumeak ziren orduan ere, eta gizonek bezainbeste sufritu zuten. Azken batean beraiek egin ziren familiaren kargu. Baina beti isil-isilik." azpimarratu du Idoia Etxeberriak.

Gerrako kontuez gainera, gizarteko beste alor batzuk jorratzeko ere aprobetxatuko da: etxeko ohiturak, eskolako martxa, laneko gorabeherak, kaleko giroa, erlijioaren indarra... batzuetan gordin eta besteetan umorez. Atzoko eta gaurko emakumeen ikuspuntutik.

Entretenigarria izango da, bizia, orain hunkigarria orain umoretsua, ikusleari bidaia polita proposatuko diona: bidaia denboran barrena eta bidaia norberaren barrura. Ikusleari inoiz ikusi ez duen zerbait eskaintzea da antolatzaileen asmoa. Ikuskizun artistiko berezia izatea espero dute, ikasteko, hausnartzeko, hunkitzeko eta irribarre egiteko aukera emango duena.

Ikuskizuna urriaren 7an izango da, arratsaldeko 8etan, Victoria Eugenia antzokian. Sarrerak dagoeneko salgai daude, antzokian bertan eta Interneten, 12 euroan.

Prentsa-oharra, antolatzaileei elkarrizketa eta informazio osagarria PDF honetan dauzkazu ikusgai.

Amantalen Ahotsak, aurkezpena

Ikuskizunaren aurkezpenean ateratako argazkia. San Telmo museoan, ikuskizunean parte hartuko duten zenbait lagun tartean direla. Argazkia: Ainitze Oruesagasti. CC-by-sa.

 

Fitxa teknikoa

Antolatzaile lanetan Amantala Kultur Elkartea dago, euskalgintzan lanean aritu izan diren hainbat pertsona bildu dituena, alor ezberdinetakoak: antzerkia, kazetaritza, musikagintza, bertsolaritza, historia...

Laguntzaileen artean, berriz Ahotsak.com, Euskal Herriko Ahotsak proiektuaz gainera, San Telmo Museoa eta Donostiakultura ere izan dira. Bestalde, ikuskizunak Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Kutxaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru-laguntza jaso du.

  • Ideia, lanketa eta ekoizpena: Amantala Kultur Elkartea 
  • Bertsolaria: Maialen Lujanbio
  • Dantzariak: Oinkariko dantza taldea, Laura Martin
  • Kantariak: Amaia Zubiria, Arianne Unamuno, Zaloa Urain (Kokein), Ain_1
  • Musikariak: Sorkunde Idigoras (pianoa), Arantxa eta Eli Ansa (txalaparta), Mirari Irurzun (biolina)
  • Kontalaria: Itziar Ituño
  • Antzezleak: Ainere Tolosa, Sara Cozar, Maite Bastos, Naiara Arnedo
  • Zuzendari artistikoa: Agurtzane Intxaurraga
  • Argi diseinua: Xabier Lozano
  • Irudi diseinua: David Bernues

 

Erantzun

Sartu